Teknologia albisteak

Ehun urte barru estreinatuko den filma

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-01-18 : 18:00

Bada film bat duela 5 urte pasatxo amaitu zena, baina ez dena estreinatuko 2115 urteko azaroaren 18a arte: 100 Years. The Movie You Will Never See leloarekin sustatzen dute ("sekula ikusiko ez duzun filma"), zuzendu du Robert Rodriguezek, eta John Malkovich du protagonista (gidoia ere Malkovichek idatzi du). 

Cognac ekoizle batek sustatu du produkzioa, Louis XIII markako koñakak behar duen zahartze denbora 100 urte direlakoan.

Pentsatzekoa den bezala, ez filma egin duten ez gaur hemen gaudenetarik inortxok ez du ikusiko filma 2115. urtean. Eta gogoarekin geratuiko gara jakiteko zertaz doan, sekretua baita bere edukia.

Hiru teaser edo aurrerapen kaleratu dituzte, eta eszena bertsu bat hiru testuingurutan ikusten dugu. Batean badirudi, zibilizazioa dekadentzian sartu dela eta hiriak naturak berreskuratu ditu; beste batean, zibilizazio oso aurreratu batean gaude, eta hirugarrenean ere bada aurrerakuntza, baina robotikoa nonbait, eta adimen artifizial hori gizakien aurka ari da. 

Egia esan, ez zaizkigu oso aurrerapen zirraragarriak iruditu. Koñakaren iragarki soilak dira, ez besterik. Baina hortxe dituzue...

Animo, ez dira ehun urte falta, 94 eta hilabete batzuk bakarrik.

Erantzun

Sartu