Teknologia albisteak

Twitter, Facebook eta Instagram gabe utzi dute Trump

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-01-07 : 09:30

Bart Washington-en izandako istiluen ondoren (Kapitolioaren okupazioa), Twitterrek eta Facebook-ek mezuak bidaltzeko ahalmena kendu diote Estatu Batuetako presidenteari, Donald Trump-i. Paradoxikoki, presidente izaten jarraitzen du eta eskura du maletin nuklearra, arma atomikoak jaurtitzeko baimen eta kodeak dituena. Bitartean, sare sozialetan, Gab eta Parler izenekoak nabarmendu dira trumpisten bozgorailu gisa.

Twitterrek goizeko ordubatean erabaki du Donald Trump-en kontua blokeatzea. 12 orduz, hasteko (Euskal Herriko 13.00ak arte, beraz), baina ohartarazi du beraien arauak eteten jarraitzen badu, betiko kenduko diotela.

Ordu eta erdi beranduago (goizaldeko 2.30ak hemen Euskal Herrian), Facebook-eko prentsa bulegoak jakinarazi du 24 orduz isilarazi dutela Trump Facebook-en eta Instagramen.

Trumpen mezu oraingoz desagertuetan, batek Mike Pence presidenteordeari eraso zion atzo arratsaldez, leporatuz ez zuela eduki adorerik Bidenen garaipena (iruzur hutsa omen dena, Trumpen arabera) baieztatzeko prozesua geldiaraztea. Mezu hori (irudi gisa gorago itsatsi dugu) zabaldu eta berehala, Gab sare sozialean Penceren kontrako mezu andana bat piztu zen, Kapitoliora jo eta hura zigortzeko eskariak barne. Handik gutxira sartu ziren trumpistak AEBetako Kongresua eta Senatua biltzen dituen eraikinera, kupula handi bat duen Kapitolio ezagunera.

Eguneraketa: urtarrilak 8. Trump-en 12 orduko isilunea kondizionala zen, une jakin batetik aurrera, aurreko mezu okerrak borratu ondorengoa. Hala egin zuen presidenteak, eta aktibatu zioten kontua, baina berriro itxi diote mezu gezurtiak banatzeari ekin diolako laster, eta oraingoan definitiboa omen da itxiera. Facebook-ek ere behin betiko itxi dio kontua, egun batzuetako epea sine-die luzatuz.

 

Erantzun

Sartu