Aldaketa sakona euskal eredu ekonomikoan, manifestu berri baten aldarrikapena
Unibertsitateetako zenbait euskal irakaslek eta profesionalek manifestu bat kaleratu dute, eskaera honekin: "Aldaketa sakona euskal eredu ekonomikoan". Kapitalari Planto izeneko ekimen berritik abiatzen da manifestua. Talde honek webgune sortu berria dauka, manifestu hori eta Amazon-en kontrako beste agiri bat daukana oraingoz, "Euskal Herriak Kapitalari Planto" leloarekin.
Eusko Jaurlaritzak Europako Berreskuratze Programaren bitartez finantzatzeko aurkeztu duen proiektu-proposamena dago manifestuaren kritiken jatorrian. Proiektu horien funtsa gaitzesten dute sinatzaileek, lehentasun okerrak planteatzen dituelakoan: megaproiektuak, euskal enpresa multinazionalei laguntzea eta atzerriko inbertsioak erakartzea. "Publikoa behin betiko irabazi pribatuen zerbitzura jartzen den eredu bat" omen da hori, manifestuaren bultzatzaileen iritziz.
- Beste eredun bat posible delakoan, lehentasunak sei puntutan bildu dituzte. Honako hauek:
- Trantsizio ekologiko eta digitalaren aldeko apustu estrategikoa geure bilakatzea, aliantza publiko-komunitario batetik
- Ekonomia lurraldeka banatzea eta birkokatzea, ekonomia solidarioaren, elikadura-burujabetzaren, ETEen eta autonomo-ereduaren subjektuak lehenetsiz.
- Publikoa dena interes pribatu handiaren zerbitzura jartzeari uztea eta enpresa handiak arautzea.
- Funtsezko zerbitzuen eta eremu estrategikoen izaera publikoa indartzea.
- Komunitate zientifikoaren kontsentsuetatik eraikitako eta errekurtso nahikoa izango duen osasun sistema publikoa defendatzea pandemia egoerari aurre egiteko
- Europako funtsekin zerikusia duten planen logika neoliberala erabat zalantzan jartzea.
Puntu bakoitza detailean azalduta, hemen: manifestuaren testu osoa (azpian dago bat eginez sinatzeko modua).
Argazkia Kapitalari Planto ekimenaren agerpen batekoa da, ELAren webgunetik hartua.
Erantzunak kargatzen...