Teknologia albisteak

Inspirarte proiektua: Bizkaiko kaleetan euskal literatura ezarri

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-12-27 : 12:25

Euskal idazleak bistaratu eta euskal literatura bultzatzeko modu bat da Inspirarte: Bizkaiko 40 udalerritan 60 esaldi edo pasarte (labur) literario paratzea. Lau ikaslek abiatu dute 2020an, baina hortxe-hortxe garatu ahal izan dute pandemia dela-eta (irudia udakoa da, Kirmen Uriberen esaldi batekin egindako aprobarena). Orain, berriro bultzada eman nahi diote ekimenari.

Mondragon Unibertsitatean ekintzailetza gradu bat ikasten ari diren lau gaztek osatzen dute Inspirarte proiektua: Amets Agirrebengoa Arrieta, Mariana Fernandez de Nograro Gutierrez, Ane Sagredo Berzosa eta Nacho Almendariz Martinez. Elkar Fundazioarekin eta Euskal Editoreen Elkartearekin lankidetzan dabiltza.

INSPIRARTE proiektua aurrera doa gutxika-gutxika, hau da egoera, taldetik bertatik adierazi digutenez: "Udaletxeekin harremanak ixten gabiltza eta orain idazleen partehartzea behar dugu, azken finean, zuek zarete ekimenaren protagonistak. Horregatik bideratzen naiz zuengana, interesa izatekotan zuen obretariko baten aipu gustukoren bat bidaltzera animatzeko. Ekimen polit bat sortu dezakegula uste dugu."

Mugimendu literario honetan parte hartu nahi izatekotan, hauek dira esaldiak bete behar dituen arauak:

  • Hizkuntza: euskara.
  • Ezin dute drogen kontsumoa, suizidioa edota edozein ekintza bortitzari apologia egin.
  • Ez da esaldi arrazistarik, xenofoborik, matxistarik edota edozein kolektibo (LGTB+, dibertsitate funtzionala, etab.) gutxiesten duen esaldirik onartuko.
  • Karaktere kopurua: 80 eta 90 artean.
  • Ezin dute 4 lerro edo gehiago izan/poesia formatua.

Zalantzaren bat izatekotan ed proiektuaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero. jarri kontaktuan inspirartebilbao a bildua gmail.com helbidearekin.

Erantzun

Sartu