Bziber (Bi ziber ahoskatuta), Azkue Fundazioak antolatutako eta gazte bizkaitarrei zuzendutako lehiaketa da, Tik Tok sarean oinarrituta. Gazteek hainbeste erabiltzen dituzten sareetan euskarazko edukiak sortzea da helburua eta baita erreferente euskaldunak indartzea ere. Lehen edizioa udan egin zen, eta orain dator bigarrena, adin tartea zabaldu delarik (11 urtetik 16 urtera arte). Abenduaren 18tik (bihartik), urtarrilaren 8a arte, lau test edo proba egiteko aukera.
Lehiaketa honen lehenengo edizioa 2020ko uztailean gauzatu zen, gazteen udako oporraldiekin batera.
Lehenengo edizioaren harrera ona ikusirik, lehiaketa berriro ere martxan jarriko da. Oraingo honetan gazteen Gabonetako oporraldiarekin bat eginez, hau da, abenduaren 18tik urtarrilaren 8ra arte.
Hala ere, berrikuntzekin dator Tik Tok-eko lehiaketa hau, izan ere, adin tartea zabaldu egin da, 11 urtetik 16 urtera arte. Ez hori bakarrik, sariak eskuratzeko dinamika ere ezberdina izango da. Orain proba bakoitzak bere saria izango du: 4 proba, 4 sari, 4 irabazle!
Aurreko edizioan bezala, Edurne Azkarate izango da lehiaketa honen gidaria eta erronkak botako dituena. Azkaraterekin batera Pello Reparaz ere izango da lehiaketan probak egiten. Hortaz, jarraitu behar da @bziber_lehiaketa perfila Tik Tok eta Instagramen, eta bertatik proposatuko dituzte probak Azkaratek eta Reparazek. Parte-hartzaileek proba bat egin dezakete, edo laurak, baina nork bere Tik Tok profilera igo beharko du emaitza, eta Bziber etiketa eman lanari.
Lehiaketari buruzko info guztia: www.bziber.eus
Erantzun
Sartu