Teknologia albisteak

Disney Plus-en euskara egoteko eskaera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-12-11 : 09:27

Disney Plus plataformak euskara integratu dezan kanpaina bat abiatu zen hilabete hasieran. Guraso talde bat omen dago atzean. "Filmak, telesailak, marrazki-bizidunak oso garrantzitsuak dira gaur egungo haur eta gaztetxoen aisialdian. Euskaraz izan ditzaten sinatu eta zabaldu!", diote. Izenpe bilketa egiten ari dira plataforma honetan.

Hauxe da eskaera, hain zuzen:

2020ko martxoaren 24an, Disney + iritsi zen Espainiar Estatura, Disney konpainiak berak eta bere filialek, hala nola Pixarrek, ekoiztutako edukiak biltzen dituen sareko bideo plataforma. Plataforma berri honekin, euskal hiztun garen ikusleok berriro ikusi ditugu gure hizkuntza eskubideak urratuta, izan ere, Disneyk aukeratu du konpainiaren filmen bertsio digitalek ere, zinemakoen moduan, euskal bertsiorik ez izatea.

Eusko Jaurlaritzak berriki kazetari baten galderari erantzun zionez, duela urte batzuk Disney-ri hemen estreinatzen ziren filmak euskaraz ere estreinatzea iradoki zitzaionean, multinazional estatubatuarrak “ez zuen inolako interesik” agertu. Halabaina, ez da interes kontua, eskubide kontua baizik.

Jaurlaritzaren informazio hori bilatu dugu, baina ez dugu aurkitu. Xabi Paya kultura eragilearen adierazpen batzuk horri buruz bai, ordea, hemen. Nolanahi ere, horrela jarraitzen du eskaerak:

Marrazki bizidunak ikusteko adinean dauden bi haur euskaldunen guraso bezala, uste dut EAEko ekoiztetxeei haurrei zuzenduriko marrazki bizidunen zinema estreinaldiak euskaraz izatea eskatzen zaien bezala, kanpoko enpresei ere gauza bera eskatu beharko litzaiekela.

Hau dela eta, eskaera bikoitza egin nahi dut: alde batetik, Disney-ri eskatzen diot bere ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala bai euskal herriko zinema aretoetan bai Disney+ plataforman, eta utz diezaiola euskaldunak diskriminatzeari. Bestetik, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta Euskal Elkargoari, Disney-rekin harremanetan jar daitezela haur euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen.

Sinatu nahi bazenu, hemen.

Erantzun

Sartu