Durangoko Azokako arduradunek edizio halabeharrez digitalaren datuak eman dituzte hau, pozez eman ere, ontzat eman baitituzte zenbakiak, espero zituztenak baina handiagoak (oraindik gaur lanean ari ziren Landakon, banaketa biltegi bihurtuta, Gerediaga elkarteak banatutako irudian ikusten den bezala). Abenduaren 4tik 8ra arte 7.800 erosketa egin dira Azokako webguneko dendan, 400.000 euroko salmentak gaindituz. Nota onarekin gainditu du beraz azokak koronabirusaren pandemiaren urtea.
Gerediaga elkarteak emandako datuen arabera, guztira 27.758 produktu erosi dira dendak erregistratutako 7.800 erosketa saio horietan: 15.577 liburu, 7.036 musika-produktu eta 5145 bestelakoak. Batazbeste, erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du, eta 3’5 produktu erosi ditu batazbeste.
Webguneak inoiz baino bisitari gehien izan ditu azken bost egunetan. 147.000 lagun baino gehiago sartu dira eta une jakin batzuetan, 4.000 lagun inguru aldi berean. Egitarauko ekitaldiak streaming bidez jarraitzen 43.500 lagun zenbatu dituzte.
Orain, katalogoko liburuen eskaerak egin ahal izango dira, urtarrilaren 8a bitartean, "Zu non, han DA!" egitasmora gehitu diren Euskal Herriko 141 liburudendetan.
Erakusleen aldetik, batzuen iritziak jaso ditu Berriak. Alberdania argialetxeko Jorge Gimenezek eman du, horien arte, datu zehatzik (atzo jasotako hitzak): "Datuei begiratuta, iazkoaren %48an ibili gara azokaren lehen lau egunetan, salmenta aldetik. Gaur txukun-edo eusten badiogu horri, beraz, %40-50 inguruan ibiliko gara. Niretzat, sorpresa ikaragarria da hori."
Erantzun
Sartu