Teknologia albisteak

Martera pertsonak eraman nahi dituen prototipoaren lehen jauzia egingo da gaur asteazkenez (agian)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-12-09 : 14:35

Elon Musk magnatearen SpaceX enpresa, lehendabizi Ilargira eta ondoren Martera astronautak eramango dituen espazio ontzia eraikitzen ari da une honetan. Motorren indarra eta erregaiaren deposituaren probak (kriogenizazio eta presio probak) egin ostean, gerora izango den ontziaren lehen etaparen pieza guztiak muntatuta izango dituen SN8 prototipoarekin 12,5km-ko jauzia eta lur hartzea probatu nahi dute gaur. Euskal Herriko arratsaldeko 4etatik aurrera izango da aurreneko jaurtiketa hori. Eguneraketa, asteazkena 9: ez da jaurtiketarik izan astearte gauez (artikulu hau argitaratutako lehen egunean), arazo desberdinak tarteko; baina gaur asteazkena, 21.00ak aldera espero da.

SpaceX konpainiaren Texas hegoaldeko espaziontzi instalazioetan (Boca Chica) gauzatuko da proba gaur arratsaldean. Ordua zehazteko badago ere, gure 16:00etatik gauerdi bitarteko tartean egingo dute saiakera. Orain arte probatu gabeko hainbat zati probatu beharko dituzte lehen aldiz, lur hartzeko "sabel bira" (belly flop) arriskutsua barne.

SN6 prototipoaren 150m-ko hegaldia

Probaldiak ez du luze iraungo, baina arrakastatsua izateko aukera gutxi ditu. 50m luze eta 9m zabalera dituen txipiroi erraldoi itxurako ontzi honetan, 100 bat bidaiari sartzen omen dira. Nik zalantza handiak ditut, baina hau horrela bada, proba hau arrakastatsua izanez gero, pauso handia izango da Ilargirako eta Marterako bidaiak egiten hasteko.

Esan gabe doa, gaur egungo suziri arruntekin alderatuz, guztiz berrerabilgarria izango dela. Bi etapa izango ditu eta biak behin eta berriz erabili ahal izango dira, eraikuntza kostuak murriztuz eta jaurtiketak azkartuz. Gaur egun SpaceXen Falcon9 ontziaren lehen etapa bakarrik da berrerabilgarria, baina elementu asko geratzen dira espazioan bueltaka edota atmosferan erreta. Guztiz berritzailea eta momentu honetan Nasak berak Ilargirako duen Artemis programako eraikitako SLS ontziaren guztiz ezberdina.

Starship ontziaren ilargiko bidaia baten ilustrazioa

Elon Musken esanetan, 2024rako tripulaziorik gabeko lehen ontziak bidali nahi dituzte Martera, 2026an pertsona talde bat bidaltzen dutenerako bertan bizi ahal izateko beharrezko ekipajea izan dezaten.  Zientzia fikzioa dirudi une honetan, baina, nork daki etorkizun hurbil bateko lehen pausoak ikusiko ote ditugun gaur.

Dena dela eta emaitzak emaitza, ikustekoa izango da! Hemen behean uzten dizuedan Youtube zuzenekoan ari dira ikuskizun honen jarraipena egiten:

Erantzun

Sartu