Udazken honetan egindako software berrikuntza baten bidez, Tesla auto markak katalana sartu du bere pantailetako softwarean. Eguneraketa ez da publiko egin, baina kazetari katalan batek deskubritu du (Albert Cuesta). Katalana agertu arren, euskararen arrastorik ez da oraindik. Tesla auto elektrikoak egiten dituen Kaliforniako marka da. Enpresaren fundatzailea Elon Musk ezaguna da.
Lehen aldia da autoetan katalana agertzen dena. Gaur egunean, ukipeneko edo antzeko pantailak auto askotan datoz, eta horietako hizkuntza frantsesa edo espainola da gure inguruan. Katalanezko adibiderik ere ez da izan orain artea, ezta Bartzelonan egiten diren Seat espainoletan ere. Instrukzioen eskuliburuak egin dituzte katalanez Toyotak (Toyota eta Lexus autoentzat) eta Seat-ek, hori bai.
Katalanaren agerpena pantailako interfazeetan da bakarrik. Ahots bidezko informazioa eman eta jasotzeko gaitasuna ez da katalanera hedatu oraingoz.
Eguneraketa software berrikuntza baten bidez etorri da. Teslak ohikoan Internetera konektatuta daude, eta beraien nabigazio sistema automatikoak eta beste zenbait elementu software bidez zuzentzen dira: software horren eguneraketa integratuta dago autoan behin erosten duzularik, eta horrela autoaren hainbat prestazio berez hobetuz doaz, lantegitik igaro gabe. Horrela agertu da katalana erabiltzaile batzuen interfaze aukeretan, 10.2 deritzon software eguneraketarekin.
Albert Cuesta kazetariak ezin izan du baieztatu zein modelotan ezarri den eguneraketa: Model 3 eta Model X direlakoetan gertatu dela jakinarazi diote gidari batzuek. Jakina da auto guztiz elektrikoak direla Tesla hauek, baimendutako tokietan auto-gidatze automatikoarekin ibil daitezkeenak, baina ez dira merkeak. Katalanez erabil daitezkeen horiek, 3 eta X, 50.000 eta 90.000 euro inguruko modeloak dira.
Informazio gehiago, Albert Cuestaren blogean.
Erantzun
Sartu