Teknologia albisteak

Horrela dabiltza 'fleet-ak', Twitterren aukera berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-19 : 10:21

Twitterrek Instagrameko istorioak kopiatu ditu: Fleets izeneko funtzio berria da. Twitterreko aplikazio mugikorraren erabiltzaileek Fleets izeneko aukeraren agerpen nabarmena igarri dute gaur, aplikazioa berritu bazaie telefonoetan. Txioen errenkada baino lehenago, Twitterrek Fleets delakoak erakusten ditu lehen lerroan. Instagram-eko Stories kontzeptuaren kopia bat dira, eta ikusiko da arrakastarik ote duten. 

24 orduan desagertuko diren mezu grafikoak dira Fleet direlakoak. Bat sortzeko orduan, lehen kolpean zure mugikorreko irudi galeria agertuko zaizu eta bertako irudi bat birziklatu edo birbidaltzeko aukera emango dizu sistemak. Testua ere sar dezakezu, baina irudian txertatzen da. Erantzun aukera ematen dute fleet-ek, baina mezu zuzen bidezkoak dira.

Twitterreko berezko funtzioaren kontrako kontzeptua dirudi, gure aburuz:

  • Twitter ohikoa: Iritzi edo informazio bat testuz eman nagusiki, eta iritzi horrek zentzua eraikitzen du, batetik aktualitateko ildo jarraituan, eta bestetik norberaren timelinean utzi, norberaren ildo editoriala sortuz; eta aktualitateko ildoan zein norberaren zirkuluan erantzunak eta eztabaidak eraginez.
  • Twitter fleets: Irudi eta mezu iragankor bat partekatu, eta erantzunik bada, mezu zuzenekoak dira.

Irudi batekin bildu ditugu funtzio hauen deskribapena.

Funtzio hauek, itxura batean, bakarrik erabil eta ikus daitezke aplikazioetan, ez web interfazean. Erantzunak mezu zuzenak direlarik, norbaitek bihotz batekin erantzuten badizu fleet bati, web interfazean bihotza bakarrik ikusiko duzu, jakin barik zeri lotzen zaion; aldiz, aplikazioko mezu zuzenean interfazean fleet-ari lotua agertzen da mezua:

Kontzeptuak kopia dirudi Instragram Stories funtzioarena. Era berean, Instagramek hura ezarri zuen AEBetan lehia bizia egiten ziolako Snapchat sareak, snap iragankorren mezu efimeroekin. Azken asteetan, halaber, Instagram bideo biralentzako beste formula berri batekin saiatzen ari da: Reels. Kasu honetan, TikTok-ek egiten dion lehiari aurre egiteko da.

Twitterren espazioa beste nonbait zegoela zirudien, baina tira, hemen daude Fleetak:

Erantzun

Sartu