Teknologia albisteak

Instagramen 24 orduko geldialdia egitera deitu du Bilboko Gazte Sare Feministak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-11 : 11:14

Datorren azaroaren 22 eta 23aren artean Instagramen 24 orduko "paroia" egiteko deia egin du Bilboko Gazte Sare Feministak. Bi bideo ekoiztu dituzte indarkeria matxistak baliabide elektronikoen erabileran izan dezakeen islada salatzeko. Era berean, Bilboko Udalak kaleratutako Erastop! aplikazioa salatzen dute, ikuspegi patrarkalarekin egina dagoelakoan.

 

Ekoiztutako lehen bideoan, emakumearen itxuraren erabilera zahar-berriaren salaketa.

Kontsumitu, kontsumitu, kontsumitu. Dotore egoteko, kontsumitu. Onartua zateko, IT-GIRL izateko, kontsumitu. Erosi, gastatu, kontsumitu! Agertzen diren iragarki guztiak indarkeria dira, emakume gazteen itxura kontsumorako erabilia.

Bigarren bideoan, mezuen bidezko jazarpenaren adibide bat.

Non zaude? Norekin? Nola zoaz jantzita? Zergatik ez duzu erantzun mezua irakurri baduzu? Berriro emango duzu egun osoa lagunekin? Nor da like eman diozun mutila? Ziur bakarrik laguna dela? Hau ere indarkeria da.

Bilboko Udalak indarkeria matxista "prebenitzeko" EraStop/Agrestop izeneko aplikazio mugikorra abian jarri du. Aplikazioa deskargatzearekin batera, erabiltzailearen datu pertsonalak sartzea beharrezkoa da, telefonoa geolokalizatuta egon dadin.

Erastop aplikazioari dagokionez, Sarearen iritziz, "kontrolean, paternalismoan eta emakumeon biktimizazioan" oinarritutako aplikazioa da eta horrek, "emakumeonganako indarkeria horren oinarri diren botere harremanak indartu baino ez ditu egiten".

Instagrameko paroia 22an 22.00etan hastea proposatzen dute, 24 orduz.

Erantzun

Sartu