Teknologia albisteak

Euskaraldiaren teorizatzaile Pello Jauregik jasoko du Abbadia Saria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-17 : 15:49

Pello Jauregi ikerlari donostiarrak jasoko du 2020ko Abbadia Saria. Euskaraldiaren «teorizatzaile» gisa donostiarrak egindako ekarpena aitortu du epaimahaiak, bere gogoeta eta ikerlanen bitartez «euskararen hedapenerako aukera neurtezinak» ahalbideratu dituelako. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana saritzen du urtero Abbadia Sariak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen ohoreak.

Pello Jauregi Etxaniz, Pedagogian Lizentziatua da eta Hezkuntza Zientzietan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Kuadrilategi egitasmoaren sortzailea eta Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldahitz ikerketaren zuzendaria, besteak beste. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea da. Euskaraldiaren antolakuntzarako inspiragarri izan zen Lasarte-Orian 2016an egindako Baietz 40 egun euskaraz herri erronkari buruz Jauregik egindako ikerketa, zeinetan jasotzen diren gizarte aktibazioari eta hizkuntza ohituren aldaketari buruzko hainbat oinarri esanguratsu.

Sari emanaldia streaming bidez emango du Foru Aldundiak, abenduaren 1ean, 19.00etan, kanal honetan.

Abbadia Sarien irabazleen zerrenda hau izan da orain artean.

2020 - Pello Jauregi
2019 - Arantxa Urretabizkaia
2018 - ahotsak.eus
2017 - Ibon Sarasola
2016 - Moriarti produkzioak
2015 - Kike Amonarriz
2013 - Ixa Taldea
2011 - Mintzalagun Ekimena
2009 - Joxerra Garzia
2007 - Imanol Urbieta
2006 - Juanba Berasategi
2005 - www.armiarma.com
2004 - Tinko Euskara Elkartea
2003 - Elay Taldea
2002 - Juan Zelaia
2001 - Dionisio Amundarain
2000 - Ttakun Elkartea
1999 - Karmele Esnal
1998 - Antton Olariaga
1997 - Arrasate Euskaldun Dezagun
1996 - Arantzazuko Egutegia

Erantzun

Sartu