Teknologia albisteak

Google Argazkiak: espazio mugagabea akabo, ordaintzera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-13 : 12:24

Ohiko jokaldi ez oso garbia Googleren partetik: doako zerbitzua eskaini eta agindu, erabiltzaile eta eduki ugari lortu, eta ordainpekoa bihurtu. Gutxi gora-behera hori egin nahi du Googlek Google Phoos argazkiak gordetzeko zerbitzuarekin (euskaratuta dago Google Argazkiak izenarekin): gordetzeko espazioak muga izango du, batuko dena Googleko beste zerbitzuetan okupatzen duzun espazioarekin, eta 15 GBko neurria gaindituz gero, ordaintzera,

 

Bereziki erabilia da Google Photos batez ere Android telefono batekin batera, bere argazkien kopia sarean gordetzeko agintzen badiozu. Oso erosoa da, argazkiak gordeta geratzen dira mugikorreko diskoa hustutakoan ere, eta espazio arazorik ez zegoen... orain arte.

Googlek aste honetan iragarri duenez, "2021eko ekainaren 1etik aurrera, kalitate handiko babeskopiak dituzten argazki eta bideo berri guztiek tokia hartuko dute Google-ko kontuaren 15 GB-ko doako biltegian". Euskaraz jaso dute mezu hori era horretako konfigurazioa duten erabiltzaileek. Badago ñabardura bat mezu horretan ez dena agertzen Googleren blog-eko mezu ofizial ingelesezkoan, eta da kalitate handiko babeskopien aipua. Ingelesez dio: "Starting June 1, 2021, any new photos and videos you upload will count toward the free 15 GB of storage that comes..."

Hau da, ingelesezko bertsioari jarraiki, argazki guztiekin beteko duzu 15 giga arteko espazioa; euskarazkoak dio kalitate handiko babeskopiek egiten dutela betelana. Badago aldea ñabarduran, baina ikuspegi pesimistatik hartzea onena, espazioa betetzeagatik kobratuko dizutela, 15 Gb gaindituta, izan era bateko edo besteko irudiak.

Zer gertatuko da ba? Googlek berak dioenez, " biltegia kudeatzeko tresna berri bat kaleratuko dugu, argazki eta bideo ilunak, lausoak eta gorde nahi ez dituzunak erraz aurkitzen eta ezabatzen lagunduko dizuna". Hortik aurrera, Google One zerbitzua kontratatzea geratuko da, 15 GB gaindituta. Plan ohikoena 100 GB bete artekoa da, eta hilean 1,99 euro kostatzen da, 24 euro eskas urtean. Sustatuko editoreak bere kontu pertsonala honela du, eta horrela dauka betea oraingoz:

Erantzun

Sartu