Teknologia albisteak

Bertso Katea, EITBren Maratoiari laguntzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-07 : 09:26

EITBk aurtengo bere Maratoi solidariorako web bidezko aplikazio bat garatu du: Bertso Katea. Zenbait bertsolariren laguntza lortu dute ekimenerako, eta haien artean doinu bat aukeratu, Bob Marleyren Woman no cry abestian oinarritua (baina izatez, zortziko handiko bi puntuko kopla bat da). Horrekin abesti bat sortu dute, baina orain koxka da nahi duenak kopla osatzen jarraitzea, sarean jarritako tresnaren bitartez.

 

Aplikazioa honetan datza: interfazeak doinurako bete behar dituzun silabak erakusten dizkizu, eta doinua ere entzun dezakezu. Laguntza gehigarrirako kontrolak badaude, eta horietako batek amaierako errimak proposatuko dizkizu.

Helburua da hasierako koplak egin dituzte bertsolarien ildoari jarraitzea. Covid-19aren kontrako diru-bilketa egitea denez Maratoiaren gaia, horren inguruko hausnarketa da sustatu nahi dena: gaixoekin hurbiltasuna, hurbilekoak galdu dituztenekin elkartasuna, prebentzio neurriekin kontzientziazioa...

Kopla eta abestiaren abiatzean parte hartu duten bertsolariak dira: Oihana Iguaran, Maddalen Arzallus, Xebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Xabier Euzkitze eta Onintza Enbeita.

Erantzun

Sartu