Teknologia albisteak

Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroa, Hitz, aurkeztu dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-05 : 12:51

Hitz Zentroa aurkeztu da gaur ofizialki, Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroa, Donostiako EHUren Ibaetako kanpusean. EHUko Ixa (duela 30 urte jaioa) eta Aholab (duela 20 urtekoa) ikertegien baturatik sortu da Hitz. Egoitza nagusia Informatika Fakultatean du Donostian, baina ikerlariak banatuta daude beste postu batzuetan. Eneko Agirre informatikaria da zuzendaria, eta berak aurkeztu du gaur Hitz, zenbait agintari eta EHUko arduradunek lagunduta.

Eneko Agirrek azpimarratu ditu zenbait egiteko edo helburu, zeinetan Hitz-ek abangoardian egon nahi duen:

  • Nazioarteko erreferentzien artean egon, hizkuntzen teknologiatren alorrean, bai ikerketan, bai formakuntzan eta bai ezagutzaren transferentzian.
  • Euskararen trataera konputazionala landu.

Datuak ere eman ditu Agirrek, 59 kide dituela Hitzek gaur. Horien artean, 33 irakasle dira, 12 lagun daude doktoradutza programetan, 7 tesi ari dira bideratzen, eta beste 10 lagun post-doc programetan.

Erakundeen aldetik, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hitz egin du. Olanok aurreratu duenez, datozen asteetan, urtea amaitu baino lehenago seguruenik, Gipuzkoako Etorkizuna Eraikiz programaren barruan ekimen berri martxan ikusiko dugu: Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategi Kolaboratibo bat, zeinak lan egingo duen bai hizkuntzen teknologiaren alorrean, eta baita berrikuntza sozialean ere.

Goizeko aurkezpen honek jarraipena izango du arratsaldez, gaur bertan (azaroak 5), 15.00etatik aurrera, ekitaldi akademikoa emango dute streaming bidez  hemendik. Hau da egitaraua:

  • 15:00. Mintegiaren aurkezpena, German Rigau, Hitz-eko zuzendariordea. Eta Hitz-en aurkezpena, Eneko Agirre.
  • 15:15. "The Birth of a New NLP Centre: Making the Most of a Newborn Technology", Eduard Hovyren eskutik. Hizkuntza prozesamenduko zentro berri baten jaiotza, etekinik handiena ateratzen teknologia jaio berri bati. 
  • 15:55. Galderak eta iruzkinak.
  • 16:15. Amaiera.

 

Erantzun

Sartu