Teknologia albisteak

Trumpek irabazteko aukera serioak ditu, kontaketa doan bezala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-04 : 12:05

Estatu Batuetako presidentziarako hauteskundeak oso estu doaz. Estatu bakoitza irabazten duenak hautes-barruti bereziko boto guztiak sakeleratzen ditu hautagai batek, eta hortxe dago koxka. Inkestek Trumpek galduko zuela esaten zuten, baina une honetan irabazteko aukera asko ditu.

Beheko grafiko honetan ikusten da nola duen une honetan kontaketa. Kolore urdin (demokratak, Biden) eta gorri (errepublikarrak, Trump) sakonak erabakitako estatuak dira. Horiekin hautes-barrutirako boto gehiago du jada Bidenek, baina urdin eta gorri argiko estatuetan dago koxka. Gorri argietan, aurretik doa zenbaketan Trump, eta azkenean horrela baieztatzen badira emaitzak, barrutirako boto gehiago lortuko ditu, 270eko langa gaindituta.

Ikus bertsio interaktiboa hemen, The Economist-en webgunean. Adi gorri argiei, Wi(sconsin: 10 boto jokoan), Mi(chigan: 16), Pa (Pensilvania: 20), NC (Ipar Karolina: 15) eta Ga (Georgia: 16). Trumpi 270ko langara iristeko 57 falta zaizkiolarik, estatu gorrixka horietako batuketak ematen dio.

Aldi berean, ikus dezagun ze aurrikuspen egiten zuen The Economist-ek atzo bertan, mapa nola suertatuko zen, eta emaitza zein izango zen. Oso segurutzat ematen zuen Bidenen alde, baina gaurkoz, ordu honetan, koloreak desberdindu egin dira gako diren estatu batzuetan.

Donald Trump-ek interesa du, une honetan, kontaketa dagoen bezala amaitzeko. Faktore bat dago estatu gorri argi horietan Bidenen alde egin dezakeena: zenbatzen azkenak postazko botoak dira, eta hor gehiengo demokrata espero da. Hori du Bidenek esperantza: urrutiko botoekin gorri argiak urdin bilakatuko diren... bestela huts egingo du.

Gorrixkak urdin bihur daitezkeela, Trumpek ere badaki, eta horregatik gaur esan du garailetzat bere burua duela jada, eta beste aldaketarik gertatzen bada, Auzitegi Gorenean borroka planteatuko duela beste kontaketa gehigarri iruzurtirik ez gertatzeko.

Hain zuzen ere, egoera hori aurreikusi zuen duela egun batzuk Bernie Sanders demokratak (primarioetako lasterketa galdu zuen Bidenen kontra) elkarrizketa honetan:

Sandersek dio, lehia estu baten kasuan, Trumpek probisionalki gorriz agertzen zaizkion bozketei eutsi nahiko diela, postazko botoen kontaketa oztopatuz. Hortxe dago koxka. Baina, bestalde, kontaketa horrek ere estatu gorrixka gehienak Bidenen alde jarriko dituen ere ikusteko dago.

Eguneraketa, osteguna 5. Atzo gorrixka ziren Minnesota, Wiscosin eta Michigan urdindu egin dira, hau da, bozketa aurreratu ahala ziurrak dira orain Bidenen alde. Zuriz ageri dira grafikoan Wi eta Mi, ez bakarrik direlako Bidenenak, baizik eta 2016an gorri edo errepublikanoak zirelako ("kontrarioari irabaziak" esan nahi du, The Economist-eko grafikoko gain kontzeptuak).

Oraindik estatu batzuk erabaki gabe daude, baina Trump-ek denak beharko lituzke: Pensivania, Georgia, Ipar Karolina, Georgia eta Nevada. Horietarik 4tan aurretik doa Trump, eta Biden Nevadan bakarrik doa aurretik, baina Nevadako sei botoekin aski du hautagai demokratak. Gainera, besteak gorrixka ageri diren arren, pronostiko batzuen arabera beranduen kontatzen diren botoekin urdinera pasa daitezke, Michigan edo Wisconsinekin gertatu bezala. 

Erantzun

Sartu