Teknologia albisteak

Covid-19 eta hilkortasuna Hego Euskal Herrian, datuek gordinki diotena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-10-16 : 15:51

Gaurko Hego Euskal Herriko Covid-19 infekzio datuak oso okerrak izan dira, 1.351 positibo. Datuaren harira, estatistika gehigarri batzuk aipatuko ditugu gaur, zenbait lagunek sarean argitaratuak, eta gaitzaren alde ilunenarekin erlazionatuak: hilkortasuna.

Batetik, kasu detektatuen eta heriotzen arteko erlazioa marraztu du Ugo Mayor ikerlariak. 20 eguneko tarte batekin, hildakoen kurba %1.5eko herio tasa batekin, bat dator doi-doi kasu detektatuekin. EAErako da beheko grafiko hau, baina korrelazioa argi dago, eta heriotza-tasa, 2. olatu honetan, oso egonkorra da.

Hortaz, 1.351 positibo gaur... 20 hildako 20 egun barru (Nafarroa sartzen dugun arren kalkulu honetan).

Datu estatistikoen beste grafista batek, Galder Gonzalez wikipedistak, INE Espainiako Estatistika Instituaren heriotza kausen datuak bildu ditu. Bi urteko atzerapena dute bilketa horiek, eta hortaz, kausen batuketak 2017koak dira. Aurten Covid-19ak ofizialki hil dituen kopuruekin alderatuta, horra EAE eta Nafarroaroako grafikoak, eta bien batuketa, Hego Euskal Herrikoa.

Heriotza kausa desberdinen historiari ere begiratu dio Galder Gonzalezek, eta gaixotasun kutsakorren datuei begiratu die. Urterik urte mila lagun hiltzen dituzte gaixotasun horiek Hego Euskal Herrian. Bi multzotan bereizi ditu, batetik urdinez gaixotasun desberdin batura (hiesa ezik), eta gorriz hiesa edo GIB kutsaketak eragindako heriotzak. Hiesa bera pandemiatzat sailkatzen da sarri, eta ikusten da 1990eko hamarkadan bere eragina oso larria izan zela Euskal Herrian.

Ba marra urdin eta gorri horiekin, ikusi nola geratzen den horiz Covidak hildakoen kopurua 2020an. Klikatu albisteko irudi nagusian grafikoa bere osotasun eta detailean aztertzeko. Eta urte amaierara arte haziko dena kalkulatu orain, ahal baduzue. Kutsatze maila hauekin, 3.000 hildakotik gora seguruenik.

Erantzun

Sartu