Teknologia albisteak

Aporta 2020 lehiaketa: Datu irekiekin, hezkuntzarako ideiak garatu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-10-15 : 08:29

EAEn antolatuako datu irekien lehiaketaz informatu genuen lehengoan, eta hemen da beste bat, Espainiako Gobernuak deitua kasu honetan: Aporta 2020.
Datu irekiekin hezkuntzarako aplikazioak garatzeko lehiaketa jarri da martxan. 

Urtero gai desberdina aukeratzen da (2019an nekazaritza eta landa eremua izan zen); eta aurten, hezkuntza mundura bideratutako proposamenak sarituko dira. Hezkuntza aukeratzea ez da kasualitatea izan: Pandemiarekin lotu dute deialdian, erronka berriak planteatu direlako, hala nola etxetik ikastea, hezkuntza-eredu pertsonalizatuak abian jartzea edo ebaluazio-metodoak hobetzea.

Europar Batasuneko pertsona fisiko eta juridikoei irekita dago deialdia, eta lehiaketa bi fasetan garatuko da:

  • 1. Ideia lehiaketa. Parte-hartzaileek datuetan oinarritutako soluzio teknologiko bati lotutako ideia original baten deskribapen zehatza eman behar dute, hezkuntza-sektorea hobetzen laguntzeko. Ideiak aipatu beahrko du, gutxienez, administrazio publikoek emandako datu multzo bat, nazioartekoak barne. Aurkeztutako ideia guztietatik 10 onenak aukeratuko dira, eta II. fasera igaroko dira.
  • 2. Prototipoen garapena. Fase honetan, hautatutako 10 ideien egileek gutxienez 3 hilabeteko epea izango dute prototipo bat egiteko, simulazio, bistaratze, bideo edo multimedia-soluzioen bidez.

Hiru sari egongo dira.

  1. 4.000 €
  2. 3.000 €
  3. 2.000 €

Parte hartu nahi dutenek azaroaren 18a baino lehen eman behar dute izena formulario honetan. Informazio gehiago: Aporta 2020.

Erantzun

Sartu