Teknologia albisteak

"Euskarak murgiltzea behar du", mobilizazioa Baionan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-10-09 : 12:15

"Euskarak murgiltzea behar du" azken asteetan euskalgintzak Iparraldean abiatu duen kanpaina da frantses estatuaren jarrera salatu eta hezkuntzako euskarazko murgiltze-eredua defendatzeko. Euskarazko irakaskuntzako erakunde nagusiek, Seaskak, Ikas-bik eta beste hainbatek, dei irekia egin dute manifestazioa egiteko larunbatean Baionan (hilak 10), goizeko 11etan Rene Cassinen etxetik (herriko etxearen parean)

Protesta hauen jatorrian Bordeleko Errektoretzak udan hartu zuen erabakia dago. Hiriburuko (Lapurdi) Baste-Quieta ama eskola publikoan murgiltze eredua abiatzeko proiektua baimenik gabe utzi zuen,  eta hemendik goiti horrelako proiekturik ez duela gehiago onartuko iragarri ere bai. 2008an hasi ziren Ipar Euskal Herriko eskola publiko batzuetako sail elebidunean ama eskolako irakaskuntza euskara hutsean eskaintzen. Orain arte, 19 mugirltze esperientzia abiatu dira Ipar 12 urteotan, zeinetan haurrak denbora osoan euskaraz eskolatuak diren, eta euskalgintzak ontzat ematen duen bidea da hori.

Hiriburuko esperientziak izan behar zuen hurrengoa, irail honetan abiatzekoa, eta onespena zuen herriko hautetsiena, irakaslegoarena eta gurasoena. Kontuak, aldiz, Hezkuntza autoritate zentralen onespena behar zuen, eta Bordeleko Errektoretzak du eskumena hori erabakitzeko. Argudio makurrak erabiliz etorri zen udan debekua: 2019ko uztailaren 26ko Hezkuntza legearekin irakaskuntza derrigorrezkoa da 3 urtetik aitzina, eta Frantziako 1958ko Konstituzioak dio derrigorrezko irakaskuntza, frantsesez, «Errepublikako hizkuntzan» egin behar dela. Hori Errektoretzaren ebazpenaren muina.

Biharko deialdiak babes sozial zabala lortu du. Euskal Konfederazioa, Ikas-Bi, Seaska, Biga Bai, Euskal Haziak, Erakasleak eta Euskara Geroan elkarteek indarrak batu dituzte, eta beste hainbat talderen babesa ere lortu dute, horien artea Topagunea.

Deialdia beraz, urriak 10, larunbata, 11.00etan Baionako herriko etxearen paretik.

Halaber, Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboko beste 22 eragileek deiturik, Bretainian, Alsazian, Korsikan, Okzitanian, Savoian eta Flandrian ere mobilizatuko dira larunbatez.

Erantzun

Sartu