Euskal Encodings-eko hainbat material zuzenean ikusteko aukera, deskargarik gabe
Euskal Encodings-ek bildutako film eta ikus-entzunezko altxorra ikuskatzeko modu berria aurkitu dugu, Mega biltegiak eskaintzen duen aukera bati esker. Ez dakigu aspaldi ote dagoen hori aktibatuta, baina Megara bideo-fitxategi batzuk igoz gero, zuzeneko player batekin ikus daitezke ordenagailuan. Jaitsi beharrik gabe, euskaraz azpidatzitako edo bikoiztutako filma, ordenagailuan ikusteko. Are gehiago, ordenagailuan Chrome nabigatzailearekin irekiz gero eta Chromecast edukita, etxeko telebistan ere primeran ikusten dira.
Beherago itsatsita, Mulan 2020ko filma, etxeko telebista batean. Megatik zuzenean ikusia Chromecast erabiliz. Filmaz jardun genuen Sustatun, eta euskaratua dago duela hilabete Disney Plusek atera eta egun gutxira. Orain Euskal Encodings-ekoek azpidatziak irudiarekin integratu dituzte, Mega-ra igo, eta Megan hemen ikus daiteke.

Euskal Encodings-eko material guztiak ez daude ikusgai modu honetan. Esate baterako, The Godfather edo Aitajauna, trilogia handiaren hasiera. Euskal Encodings-ek sarean fitxategiak gordetzeko zenbait sistema erabili izan ditu historikoki, eta batzuk desagertu dira (Megaupload zena, adibidez, gero Mega gisa erdi-berpiztu arren), eta beste kasu batzuetan copyright ehiztariek aurkitu eta ondoren kenarazten dituzte.
Baina tira, probatu katalogotik estekak bisitatzen, eta aurkituko dituzue adibide majoak. Esate baterako, marrazki bizidunen alorrean:
- Gartxot (2011) euskarazko ekoizpen originala hau (informazio gehiago Wikipedian).
- Material bikoiztua, hala nola Alfonbra Magikoa marrazki bizidunetako filma.
- Haururen Gaztelu Ibiltaria, Hayao Miyazakiren film ederra, jatorrizko bertsio japonierazkoan euskarazko azpidatziekin. Hain zuzen ere, film honen azpidatziak, Ghibli etxe japoniarraren beste batzuk bezala, Azpitituluak-eus-etik kendu behar izan dituzte berriki, mehatxuengatik.
Bisitatu Euskal Encodings, euskarazko ikus-entzunezkoen biltegia osatzen ari den sareko komunitatea.
Erantzunak kargatzen...