1990eko urriaren 5ean, duela 30 urte, estreinatu zen ETB1en Hau da A.U., Elena Irureta eta Aizpea Goenagak zuzendu eta Kike Amonarrizek idatzitako lehen telesaila, umorezko saio bat, Ikuskin ekoiztetzeak egin zuena.Irureta, Goenaga eta Amonarriz beraiek ziren aktoreetako batzuk; eta hiruek gogoratu duten efemeridea egun hauetan.
A.U. gura Artisten Utopia Produktions izeneko kontratazio agentzia bat zen. Sitcom erako tramak nahasten ziren, baina era berean, agentziak bilatutako talentuak edo antolatutako "emanaldiak" tartekatzen ziren sailean, musikari gonbidatuekin batzuetan (Negu Gorriak edo Mikel Markez adibidez), edo "ekoizpen propio" zoro samarrekin (zirkoa edo Euskobision), edo bien nahasketarekin: Zumaiako jubilatuen abesbatza We Are The World kantatzen, txuleta arbelean idatzita dutela: Ui arr de uor / Ui arr de Txildren / Ui arr de uans ju meik a beter dei / so letz tar givin...
24 atal egin ziren, eta haietako zenbait pasarte luze Youtubeko kanal honetan ikus daitezke.
Urtzi Urkizu kazetariak egindako kronologiaren arabera, ETBren lehen telesaila gaztelaniaz izan zen (ETB2rako, alergia), 1990eko apirilean estreinatua: Juntos y revueltos. Ondoren etorri zen Hau da A.U. (urte bereko urrian), eta handik gutxira hurrengoa estreinatu zen: 1991ko urtarrilaren 7an hasi zen emititzen Bi eta Bat. Gero etorri ziren Bertan zoro, Beni eta Marini, Penelope-Enea, Flamingo Berria, 64, Duplex, Amaren etxea... eta 1994ko urriaren 1ean, estreinaldi historiko bat, Goenkale.
Urtzi Urkizuk berak elkartu ditu 30. urteurrenean Irureta eta Goenaga zuzendariak: bideo eta artikulu interesgarriak hortxe. Kike Amonarrizek ere hari interesgarria sortu du orduko kontuekin, bideo pasarteak, orduko ETB1eko programazio orria edo Oh Madrid diskotekan jaso zuten saria.
Nahieran ere badago https://www.eitb.tv/eu/bideoa/hau-da-au/5972/137898/1-atala/