Pandemiaren bilakaerak uzten badigu, hilabete amaieran berriro Gau Beltza izango dugu, Arimen Gaua edo, beste modu batean esateagatik, Halloween gaua baina berriro ber-euskaldundua eta ber-eskuratua. Topagunearen eskutik iaz sortu zen Gaubeltza.eus webguneak berritasuna dauka aurten: dokumentala egin dute.
Hemen dago ikusgai, baina deskargatu nahi baduzu beste era bateko kontsumorako edo emanaldia egiteko, jarri kontaktua gaubeltza (a bildua) topagunea.eus helbidearekin.
GauBeltza.eus ekimena martxan jartzeko, Itzalitako Kalabazen Berpiztea (Altuna & Ozaita, 2018) lan etnografikoa oinarri hartu zuen iaz Topaguneak. Herriz herri ekimenak sortzeko hausnarketa, materialak eta aurrekariak eskaintzen ditu webguneak.
Gaiaren inguruko beste ikus-entzunezko interesgarri bat gogoratuko dugu bide batez: Ahotsak ekimenak prestatu zuena, demostratuz urriaren 31ko arimen gaua euskal ohitura zela, baita kalabaza, susto, kandela eta guztiarekin.
Honezkero jakitun gara bai, Halloween edo haren formaren bat ez dela Ameriketatik inposatzen zaigun zerbait.
Erantzun
Sartu