Teknologia albisteak

Espiatu zeure burua Amazonen etxeko dronearekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-10-01 : 10:10

Nahi duzu drone bat izan hegan zure etxe barruan? Halako segmentu komertziala esistitzen omen da nonbait, eta produktu horixe bera garatu du Amazonek. Zure etxe barruan hegan hasiko zaizun drone bat, eta gelaz gela zer dagoen ikusi, grabatu eta erretransmitituko duena.

Ring Always Home Cam deritzo delako gailu honi, eta joan den astean aurkeztu zuen Amazon-ek bere produktu zenbaiten sustapen ebento batean. Promozioko bideo labur bat ere atera zuten, produktuaren justifikazio azaltzeko:

Hortaz, zera da ideia. Etxera lapurrik sartzen bada, dronea aktibatuko da, eta gelaz gela ibiliko da hegan irudiak grabatzen. Kutxatxo bat gainaldea da, eta helizeak aktibatuta... aureratu egiten da tapa hori. Dronea kamerarekin doa, ez beste ezertaz armatua (uste dugunez), eta zuk zure mugikorrean kamerek zuzenean egindako erretransmisioa jasoko duzu. Bideoaren narratibari kasu eginez gero, lapurrak sustoa ere hartuko du, eta ospa egingo du. Amazonek etxerako segurtasun produktuak saltzeko duen marka propioarekin atera dute; Ring da marka hori.

Teknologia intrusiboarekin bizi garela jakina da, baina hala ere, nonbait bide ematen duug gizakiok are espioitza zuzenagoa egin diezaguten teknologiaren erraldoiek. Eta gure kolaborazioarekin, auto-espioitzara bereziki egokitutako produktuak erosten.

Hain zuzen ere, duela hilabete Halo izeneko erloju / fitness gailua aurkeztu zuen Amazonek. Gorputzaren erritmo eta mugimenduak neurtzeaz gain, 3D kamera du integratuta zu "eskaneatzeko" eta mikrofono bat, zer diozun entzuteko. Horrela, zure "egoera animikoa" ere igarriko omen du Halo delakoak.

Gure gorputzen 3D irudiak, esaten duguna, eta etxe barruko irudiak oparitu Amazoni? Bai, eta gainera norberak ordainduta!

 

Erantzun

Sartu