Teknologia albisteak

Zuzen de la Cuevaren heriotza, suizidioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-09-28 : 14:24

Eskela mingarri batek jakinarazi digu Zuzen de la Cueva Aiestaran, Interneteko pionero nafarra, hil egin dela. Bere buruaz beste egin zuen irailaren 23an, Iruñean, hileta-oharrak zintzotasunez adierazten digun bezala. 

Software librearen aldeko ekintzailea izan zen De la Cueva, Internet eta teknologia berriak politikoki ulertu zituen gizon bat: gizarte hobe bat eraikitzeko tresnatzat hartu zuen Internet, eta horren alde lan egin urte askoan. Azken urteak gaixotasun mentalaren oinazepean bizi izan ditu: "Infernutik ihesi joan zara, aske", idatzi dute hileta oharrean haren senide eta lagunek.

20. mendearen azken hamarkadan, Eusnet elkartea sortzen eta bultzatzen lan egin zuen Zuzen de la Cuevak. Nafarroan zuen epizentroa elkarte hark, eta Internet zerbitzuak eta azpiegiturak ematen pioneroak izan ziren. Euskarazko lehenbiziko ekimenetako batzuek asko zor diote Eusneti, formakuntzan, tresnen popularazizazioan eta ikuspegi berri bat izaten. Euskarazko lehen posta-zerrenda, EuskaraZ, Eusneti esker jaio sortu zen, adibidez, 1996. urtean. Euskarazko Interneteko lehen interakzio foroa izan zen hura.

Konektibitatea bazter eta sektore guztietara iristearen alde egin zuen De la Cuevak: Eusnet-ek Interneteko konexio nodoak irabazi asmorik gabe eskaini zituen bezala (Espainiako Estatuko sare bat sortuz Pangea, Nodo50 edo Xarxaneta bezalako ekimenekiN), enpresa gisa DigitalCons ekimena sortu eta zuzendu zuen, Nafarroan konektibitate azkarra landa-ingurunera eramateko asmoz (Nav@rural.net7 proiektua, 2002 urtearen inguruan).

20. mendea amaitzen zela, Euskal Herria Digitala izeneko ekimen batean parte hartu zuen De la Cuevak. "2000 urteetako Euskal Herria digitala izango da, edo ez da izango", hala adierazi zuen orduan.

Software librearen defendatzaile sutsua izan zen. Software librearen kontzeptu eta ekintzailetzara eraman zuena, "erabaki politiko bat izan zen, batez ere. Mundu horretan zebiltzanek erabiltzen zituzten kontzeptuek erakarri ninduten, askatasunak batez ere"; halaxe adierazi zion De la Cuevak Guaixe agerkariari 2008ko elkarrizketa batean. Formatu nahasitxoarekin, baina sarean dago testu hori oraindik ere, eta aste honetan Guaixeko ikusienen artean jarri da, jendeak bilaketa bidez Zuzen de la Cueva aurkitu duelako han.

Eta eduki libreen alde ere egin zuen, Creative Commons lizentziak sortu aurretik ere, José Antonio del Moral Interneteko kazetari eta ekintzaileak @Euskadi/Cybereuskadi boletin eta albistegiaren historia kontatu zuenean gogoratu zuen bezala.

Gugan bego Zuzen de la Cueva. (argazkia, Guaixeko 2008ko elkarrizketa hartakoa da)

Erantzun

Sartu