Booktegi plataformak, Interneten euskal literatura sustatzen duen ekimenak, hainbat eduki jarri ditu sarean "oraindik irakurtzen ez duten euskaldunentzat", haurrentzat alegia. Eguzkilore izenburupean. Bideoz grabatutako ipuinak dira, funtsean.
“Hamaika ipuin dira, audio, bideo eta liburu formatutan daude, eta oraindik irakurtzen ez duten euskaldunentzat prestatu ditugu”, iragarri du Booktegik. Eguzkilore ataleko testuak Josu Zabaletak eta Fito Rodriguezek idatzi dituzte; Oihana Maritorenak irakurri ditu; eta ilustrazioak Irrimarra Ilustrazioek egindakoak dira. Hona adibide bat, Enara eta txolarrea ipuina.
Booktegi 2017. urtean jaio zen, euskarazko liburu elektronikoak doan argitaratzeko eta deskargatzeko plataforma gisa. "Guztion liburuak, guztiontzat (...) narratiba, poesia, kronika, kantuen letrak, artikuluak, saiakera…. Beti ere, hiru formatutan: epub, mobi eta pdf. Mimo handiz egindako edizioak, kalitate irizpide zorrotzez bururatutakoak."
Geroztik, webgunea eta ekimena hazi egin da, eta hainbat atal gehitu ditu. Elkarrizkatea autore eta liburuzaleek txandaka elkar elkarrizketatuz egindako bideo-elkarrizketen sorta da.
Loturak Landuz idazketa errazteko liburu-ikastaroa ere argitaratu berri dute.
Erantzun
Sartu