Teknologia albisteak

ETBko langileak haserre, Urkulluren elkarrizketa ekoiztetxe batek gaztelaniaz egina izan zelako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-09-24 : 19:40

Joan den irailaren 13an eman zuen telebistako lehen elkarrizketa (karguan berretsi dutenetik) EAEko lehendakariak, Iñigo Urkulluk. Gazteleraz izan zen ETB2 katean, kontraste eginez denboraldirako ETBk hartu duen euskarazko katearen aldeko leloarekin (Geurea Lehena); eta gainera, EITBko baliabide propioekin egin beharrean, ekoiztetxe batek kudeatu zuen. Protesta egin du horregatik ETBko langile batzordeak.

"Onartezina da lehendakariari ETBn eginiko lehenengo elkarrizketa produktora batek egitea, eta gaztelaniaz", salatzen du langile batzordeaeren oharrak. Elkarrizketaren edukia, kazetari lana, errealizazioa eta zuzendaritza ekoiztetxe pribatu baten esku egon zen. Eta lan tekniko guztia ETBko langileek egin zuten, aurreko egunetan eginiko probak barne.

Oharrak jarraitzen du: "Horrelako edo antzeko adibideak lehendik ere badaude baina Lehendakariaren lehenengo elkarrizketa izateak are latzagoa egiten du egoera. Zuzendaritzak etxeko langileak gutxiesten ditu eta haien lanarekiko konfiantza eza adierazten dio gizarteari. (...)"

Konfiantzaz ezaz gain, beste motibo batzuk ere egon daitezkeela erabakian diote langileek. Adibidez: produktorei negozioa ematea, edota haien lana baldintzatzeko botere handiagoa erdiestea.

Euskaraz egin ez izana ere kritikatzen du oharrak. "ETBn Lehendakariak eginiko lehenengo elkarrizketa ETB2n izatea tamalgarria da. Horrek ematen du ETB1ekin eta euskararekin dagoen konpromisoaren neurria."

Ilustraziorako erabili duguna, zein lelo erabiltzen ari den irail honetan EITB, euskarazko kanalarekin duen konpromisoa adierazteko: "Geurea Lehena / ETB1". Bideo-spot bat ere, erakusgarri.

Erantzun

Sartu