Teknologia albisteak

'Eleketa' erakusketa abian jarri du Euskal Kultur Erakundeak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-09-18 : 10:12

Mintzoak proiektua, Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren ekimena, Ahotsak proiektuaren ekimen osagarria da (elkarrekin partekatzen dituzte bi proiektuak grabaketak), eta Euskal Kultur Erakundeak kudeatzen du. Proiektuak bildutako materialarekin erakusketa prestatu dute, "Eleketa, ahozko oroimenak" izenekoa. Irailaren 25ean irekiko Hazparneko lurraldeko lekukotzekin, eta gero beste herri eta eskualde batzuetan aktibatuo dena. 

Era berean, Mintzoak.eus webgunea berritu egin da. Bere datubaseak biltzen ditu 929 grabaketa, 810 lekukorenak, 2.249 pasartetan bilduta, eta horietarik 914 bideo/soinu fitxategiekin daude ikus-entzungai. Herriz herriko aurkibidea bereziki interesgarria da, eskualdeka banatua, euskalki desberdinen doinua entzuteko. 

Bideotarik batzuek azpidatziak dituzte itsatsita (aurkibideetan, CC ikonoari begiratu). Adibidez bideo honetan, Lekorneko Besta Berri ospakizunak deskribatzen dizkigutelarik. 

Mintzoak proiektua honetan datza: Ipar Euskal Herriko ahozko memoria kolektiboaren bilketa, artxibaketa eta hedapena. 2007tik 2009ra EKE-k bere ekimenez eraman zuen, eta 2009tik hona Pirinio Atlantikoetako departamenduaren laguntza ofiziala du, et “Eleketa” izeneko programa bilakatu da. Ipar Euskal Herriko elkarte, irrati eta pertsona pribatuen artxibo soinudunen eta ikusentzunezkoen tratamendua publikoa da helburu, eta Pirinio Atlantikoetako artxibo zentroaren zaintze eta balorapen programaren egitekoetan da ofizialki.

Mintzoak proiektuak bildutako materialarekin erakusketa ere prestatu da, "Eleketa, ahozko oroimenak" izenekoa. Irailaren 25etik azaroaren 7ra, Pierre Espil mediatekan, Hazparneko lurraldeko 68 lekukoek beren bizipenak eta oroimenak aipatuko dizkigute, 200 bideo-pasarte, irudi, objektu, artxiboko erreportaien eta bideo-sorkuntzen bidez. Aurrerago, Eleketa erakusketak Iparraldeko beste lurraldeetan ibiliko dira, betiere tokian tokiko testuinguruari egokituz, han eta hemen bildu lekukotasunak baloratuz. 2020ko azaroaren 13tik abenduaren 13ra Donibane Lohizunen erakutsiko da adibidez. 

Eleketari buruzko informazio gehiago hemen.

Ikus Mintzoak.eus berria: Webgune berrizketa diseinatu eta prestatu du teknikoki CodeSyntax-ek, Sustatu egiten duen enpresak.

Erantzun

Sartu