Teknologia albisteak

Oscarren akademiak "talde azpi-ordezkatuentzako estandarrak" definitu ditu, Film Onenerako sailkatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-09-10 : 12:44

Arrazaren kontua korapilatsu dago AEBetan. Identitate lapurretaren azken kasuarekin batera, Oscarren akademiak jakinarazi du "estandar" batzuk bete beharko dituztela etorkizunean filmek, Film Onenaren kategorian lehiatu nahi badute. Talde azpi-ordezkatuei (underrepresented groups horrela itzuli dugu; arauetan gehien errepikatzen den terminoa da) toki egitea Hollywooden. hori omen da asmoa. Kritikak murriztea, bide batez. Zuzentasun politikoaren diktadura aipatu duenik ere bada: adibiderako, Espainiako El Mundo egunkariaren irudikapen hau. Oscarra gutxiengoen atributu guztiekin.

Neurrien ezarpena ez de berehalakoa, 2022. eta 2023. urteetan, film bat aurkeztu nahi dutenek txostena aurkeztu beharko dute (ebaluaziorako nonbait, ez filma sailkatzen den edo ez erabakitzekio), eta 2024. urtekoetan, jada, lehian sartzeko, txostenak demostratu beharko du estandarrak neurri batean betetzen direla.

Estandarrek baldintza multzo zabal bat deskribatzen dute, bakoitzean zenbait azpi-baldintza aipatuz, eta ez dira guztiak betetzekoak, neurri jakin minimo batzuk eskatzen dira, eta baldintza batzuk alde batera utzita ere, beste batzuk betez ematen duzu maila.

Academy of Motion Picture Arts and Sciences delakoak jakinarazi ditu "estandar" horiek. Guk Variety aldizkarian topatu ditugu, eta hona euskaratu ditugu halamoduz. Lau estandar dira (A, B, C eta D), eta bi bete behar dira. Bakoitza betetzeko aukera desberdinak daude halaber (D kasuan salbu).

A estandarra: pantaila agerpena

Hiru parametrotan neurtuko da, eta estandarra gaindituko da baldin eta horietako bat betetzen bada. Hauetxek:

A1. Aktore protagonista edo nagusien artean, egon behar da talde hauetariko jendea: asiarra, hispano/latinoa, beltz edo afro-amerikarrak, indigena edo natibo amerikarrak, Ekialde Erdiko edo Ipar Afrikako jendea (magrebtar edo arabiar ez esatearren), hawaiar edo Pazifikoko biztanleak, beste arraza edo etnizitate azpi-ordezkatu batzuk.

A2. Aktore multzoaren %30a, lehen mailakoak saldu, halako bi talde hauetako jendeaz osatuta egon beharko dira: emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea.

A3. Istorioaren gaia edo narratiba jalako 2. puntuko taldeetako batean fokatua egotea.

B estandarra: Ekoizpen taldearen osaketa.

Aurrekoan bezala, 3 puntu eta hauetarik bat betez gero, estandarra gainditu duzu.

B1. Honako postu nagusi hauetan, lidergoa edo atalburua talde azpi-ordezkatu batekoa izan behar da. Ardura postuak dira: Casting zuzendaria, argazkigintza, musika konposizioa, jantzien diseinua, zuzendaria, editorea (montatzailea), ile-apainketa, makilajea, ekoizlea, ekoizpen diseinatzailea, set dekoratzailea, soinua, VFX arduraduna (efektu bisualak), gidoia. Eta talde azpi-ordezkatu gisa definituak: emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea.

Eta ardura postu horietan, halaber, arraza-etnia zehatzeko gutxieneko pertsona bat eskatzen da, goragoko azpi-zerrenda berarekin: asiarra, hispano/latinoa, beltz edo afro-amerikarrak, indigena edo natibo amerikarrak, Ekialde Erdiko edo Ipar Afrikako jendea (magrebtar edo arabiar ez esatearren), Hawaiar edo Pazifikoko biztanleak, beste arrazo edo etnizitate azpi-ordezkatua.

B2. Beste talde-postu eta lan tekniko batzuetan (ekoizpen laguntzaileak salbu, sei pertsona behar dira gutxienez arrazo edo etnizitate gutxi azpi-ordezkatu batekoak.

B3. Oro har, filmeko langile multzoan %30 izan behar da talde azpi-ordezkatu batekoa: emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea.

C estandarra: Industrian aukerak zabaldu

Bi baldintza, eta biak bete behar dira.

C1. Ordaindutako beka eta ikasketa aukerak.

Azpi-ordezkatutako taldeetan (emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea), profesionalak garatzeko beka/ikasketa programa jarraituak behar dituzte ekoizpen etxeek. Major edo ekoiztetxe handien kasuan, atal nagusietako gehienetan (garapena, ekoizpena, efektuak, post-ekoizpena, erosketak, finantzak, banaketa, marketin eta publizitatea). Ekoiztetxe txikiago edo independenteen kasuan, programak gutxienez bi bekadun beharko ditu izan atal nagusi batean bederen.

Beka edo ikasketa hauek ordainduak izan behar dute.

C2. Formakuntza aukerak below-the-line.

Filmaren ekoizle, banatzaile edo finantziatzaileek lan eta formakuntza aukerak eskaini behar dizkiete talde azpi-ordezkatuei (emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea), Hollywood-eko industrian below-the-line esaten duten lanetarako (lehen mailako ekoizpen, zuzendaritza, gidoia eta halakoak goragokoak dira, above-the-line).

D estandarra. Audientzia lortzeko lanak

Puntu bakarreko eskaera: marketing, publizitate eta banaketan jende kopuru nabarmen batek egin beharko du lan, talde azpi-ordezkatuetakoak (gorago izendatutako guztiak, funtsean).

Erantzun

Sartu