Teknologia albisteak

Film zahar ikusgarriak, 4ik bereizmenera berriztuak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-09-14 : 12:18

19. mende amaierako eta 20.aren hasierako film historikoak digitalki berrizteko lana hartu dute azken hilabeteotan Denis Shiryaev garatzaileak. 4K definiziora eta segunduko 60 fotogramatara egokitu ditu lanak, kasu batzuetan koloreztapena eta soinu-bandak (asmatuak) gehituz. Youtubeko pantaila-errepodukzioekin ez dugu kalitate hori guztiz gozatzen, baina hala ere berregiketak oso interesgarriak dira.

Shiryaev-ek egiten duenak tranpa puska bat du: algoritmikoki hobetutako filmak dira, nolabait. Zerbitzu bat jarri du martxan komertzialki trebezia hori ustiatzeko (Neural Love), baina gainerakoan irudiak nola moldatu dituen ere gardentasunez adierazi du:

Hala ere, batzuetan jatorrian definizio berezia duen materiala ere lortu du. Halakoxea da New York-eko Museum of Modern Art edo MoMA museoarekin duela egun batzuk garatu duen film interesgarria. Tren hegalaria deitu dio museoak berriztapenari, eta Wuppertal hiriko tren esekitik dago grabatua, 1902. urtean.Bereziki inpaktatzen du, garraio sistema zahar hark izaera futurismo anakroniko bat dakarrelako irudietara. Wuppertal Schwebebahn deritzon tren esekiak bagoi eta azpiegitura berriak ditu, baina funtsean 1901ean ireki zen lerro bera, 13 kilometrokoa, egiten du gaur egunean ere (II. Mundu Gerragatik etena egon zen zerbitzuan).

Kasu honetan, jatorrizko kalitatea handia zen 68 milimetroko film kimiko bilduma bat eskuratu zuelako MoMAk duela urte batzuk: Biograph konpainiaren artxiboa, Estatu Batuetako lehen ekoizpen etxeetako bat. Material horren gainean egin du Shiryaevek lana goiko bideoan.

Beste adibide bat, Mosku 1896. urtean:

 

 

Erantzun

Sartu