Teknologia albisteak

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa titulua, 8. edizioan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-09-05 : 11:29

Euskarazko aditu titulu edo master interesgarrienetekoa izango da azken urteetan Mondragon Unibertsitateak emandago hau: Euskal Kulturgintzaren Transmisioa. 2020-2021 ikasturteko edizioa 8.a irekita dago. Urriaren lehenengo astera arte dago izena emateko epea zabalik.

Urriaren 17tik aurrera, hilean behin izango da formakuntza, asteburu bat hartuta (larunbatean egun osoa, igandeetan goiza). Eskolak Huhezi fakultatearen Aretxabaletako egoitzan izango dira. Ohartarazi dutenez, koronabirusa dela-eta beharrezkoa bada, online egitera pasatuko dira. Matrikula 2.800 eurokoa da, hiru zatitan ordaintzekoa: matrikulatzean, abenduan eta martxoan.

EKT formakuntzak helburu hauek izan ditu aurreko urteetan:

  • Euskal kulturgintzari buruzko ezagutza barreiatua korpus batean biltzea, eta bilketa hau formazio dialogiko baten bidez transmititzea. Horren baitan, kulturgintzan azken hamarkadetan sortzaileek izandako kezka, ikuspegi, zailtasun, apustu eta esperientziak belaunaldi berri bati ezagutaraztea.
  • Gure kulturgintzak dituen ortzimugen eta desafioen aurrean formazio multifokal eta praktikoa eskaintzea, eragileei jakintza-tresnak emanez.
  • Kulturgintzaren transmisioan izandako estrategia eta esperientzia beste alorretakoen eskura jartzea.

Aurreko edizioetan landutakoez gain, 8. honetan bereziki landuko da, besteak beste:

  • "Hainbat gaitan sakontzen jarraituko dugu, adibidez, kultur sistemaren egituretan". Sortzaile ugari etorriko dira beraien proposamen eta gogoetak gurekin partekatzera.
  • Historiaren ekarpena kulturgintzan.
  • Kulturaren espazio emozionalak.
  • Demografia aldaketek dakartzaten aukerak eta erronkak.

Bi saio berezi ere egingo dira, Joseba Sarrionandiarekin, zeinetara matrikula murritzago batekin (300 euro) apuntatzerik ere badagoen, bereziki saio hauetan egoteko. Sarrionandiaz gain, irakasle, hizlari edo gonbidatuen zerrenda oso interesagarria da.

Informazio gehiago, hemen.

 

Erantzun

Sartu