Teknologia albisteak

Windows 95 sistema eragileak 25 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-08-26 : 08:44

Mugarri bat izan zen etxeko ordenagailuen historia ttipian Windows 95 sistema eragilea. Joan den astelehenean 25 urte bete ditu. Garai hartan ezarri ziren gaur egun ere oraindik ohiko diren ordenagailuetako tresna eta funtzionalitate oinarrizkoenak.

1995eko abuztuaren 24a. Jende-ilarak Estatu Batuetako hainbat dendatan. Bideojoko bat erosteko? Appleren azkenengo gadgeta erosteko? Ez, software hutsa erosteko: Windows 95.

Microsoftek aurreko asteetan egindako publizitate-kanpaina ez zen makala izan. Garaiko izarrak kontratatu zituen sistema eragile berriaren salmentak igotzeko, besteak beste, Jay Leno, eta Friends telesail arrakastatsuko Jennifer Aniston eta Matthew Perry. Eta musika ezagun erakargarria telebistako iragarkietarako, Rolling Stones-en "Start Me Up".

Microsoftek hainbat funtzionalitate eta ezaugarri berri gehitu zituen Windows 95ean, baina berritzaileenak hasiera-botoia eta ataza-barra izan ziren, sistema eragilean errazago mugitzeko eta aplikazioak errazago erabiltzeko. Zakarrontzia ere orduan erabili zuen lehenengoz Windowsek eta lehiatila-sistema ("Windows") ere erabat zabaldu zen harrezkero.

Ordurako baziren antzeko ezaugarriak zituzten softwareak, besteak beste Macintosh OS/2 edota 1994an aurkeztutako lehenengo Linuxak, baina Windows 95ak erabat estandarizatu zituen oraindik ere erabiltzen ditugun hainbat tresna, garai hartan izan zuen arrakasta zela eta. Etxeko ordenagailuen eztanda izan zen.

Gogoan izan behar da lehenengo hilabetean zazpi milioi lizentzia saldu zirela Estatu Batuetan (garai hartan oso kopuru handia), eta ordenagailu pertsonaletako sistema eragilerik arruntena bilakatu zen oso denbora laburrean. Windows sistema berriak, Office paketearekin batera (hori ere Microsoftena), erabiltzaile arrunt batek behar zuen guztia eskaintzen zuen, izan testu-prozesatzaileak, nabigatzailea, kalkulagailuak, denborapasarako programatxoak, zein beste hainbat aukera.

Windows bertsio hau kaleratu orduko, Microsoft boteretsua zen oso, baina ordutik aurrera erabiltzaile gehienentzat ia ezinezkoa zen Windows 95 eta Office gabeko ordenagailu bat erostea. Hilabete gutxian merkatuaren zatirik handiena monopolizatu zuen Microsoftek.

Windows 95aren azkenengo bertsio eta eguneraketak 2001eko abenduaren 31an kaleratu ziren. Hortik aurrera beste Windows bertsio batzuk kaleratu zituen Microsoftek, batzuk arrakastatsuagoak eta hobeak, beste batzuk desastre hutsa, baina ordurako gaur egun estandarrak eta unibertsalak diren hainbat funtzionalitate eta ezaugarri erabat finkatuta geratu ziren eta Microsoft munduko enpresa handienen artean sartu zen. 

Windows 95ak aurkezten zuen antolaketa orokorra oraindik ere bizirik dago gure ordenagailu gehienetan: hasiera botoia, ataza-barra, lehiatila bidezko nabigazioa eta gure erabilera antolatzeko erabiltzen dugun mahaigainekoa. 90. hamarkadako ordenagailuetan finkatutako ezaugarri orokor horiek (esan bezala, ez bakarrik Windows ordenagailuetakoak) oraindik ere gure eguneroko bizitzan erabat txertatuta ditugu 25 urte geroago. 

Erantzun

Sartu