Azken hilabeteotako itxialdi, beldur eta ohitura-aldaketen ondorioetako bat: sarean egiten ditugun erosketak ugaritu egin dira. Eta horren adierazle dira duela egun batzuk Amazonek aurkeztu dituen datuak: irabaziak bikoiztu egin dira azken 6 hilabeteotan.
Amazonek 5.200 milioi dolarreko irabaziak aurkeztu ditu, 10,30 dolar akzioko (rekor historikoa). Iazko irabaziekin alderatuta, bikoitza. Diru-sarrerak %40 hazi dira, azken urteotako altuenak eta aurreikusten zituztenak baino askoz handiagoak.
Lehendik ere sareko erraldoien artean bazegoen Amazon, pandemia garaiak are gehiago indartu du Jeff Bezosen enpresa, sareko salmentetan igoera handia gertatu baita mundu osoan zehar. Bezosen ondasuna 180.000 milioi dolarrekoa da une honetan.
Sareko salmenten igoera hori nabarmena izan da Amazonen irabazietan, baina ez da bakarra izan, inolaz ere. Sareko salmentekin lotuta dauden beste hainbat enpresek ere hazkunde izugarriak iragarri dituzte, hala nola PayPal ordainketa-pasarelak, Shopify e-commerce plataformak, edo banaketa-enpresek (UPS, MRW, DHL eta abar).
Estatu Batuetan Amazonen konpetentzia diren Target eta Walmart markek ere gora egin dute. Baita sareko beste bi erraldoik ere, Applek eta Facebookek.
Kontuan izan behar da, gainera, Amazonen hazkunde hori garai zailetan gertatu dela, koronabirusari aurre egiteko logistika arazoak konpondu eta inbertsio handiak egin behar izan dituenean. Enpresatik jakinarazi dutenaren arabera, 2020ko lehenengo bi hilabeteetan 10.000 milioi dolarreko inbertsioa egin behar izan dute egoera berrira egokitzeko eta, batez ere, koronabirusaren kutsaketa saihesteko langile eta erosleen artean.
Krisialdi ekonomiko itzela mundu osoan, baina badirudi handienek ez dutela pairatu krisialdi hori eta garairik latzenetan ere euren hegemonia indartzen jarraitzen dutela.
Erantzun
Sartu