Teknologia albisteak

Joan Mari Torrealdai hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-07-31 : 20:18

Bernardo Atxagaren hitzak, 2003koak: "Joan den 2003garrengo otsailaren 20an Joan Mari Torrealdai pantailan ikusi nuenean, makurtuta beso baldarraren zamapean eta buru tapatuta, errezatzeko gogoa egin zitzaidan, nahiz errezatzen ez jakin; pentsatu nuen, sentitu nuen, irudi hura ohizko esparrutik at gelditzen zela, eta ezin zitzaiola berari haserre oihua edo komentario politikoa bakarrik jarraitu". Zenbatek gogoratu dugu irudi hura orain, Joan Mari Torrealdai hil denean, 77 urterekin. Agur eta ohore, euskal kulturaren erraldoiari.

Atxagaren hitz haiek Sustaturen 2003ko artxiboan ditugu, Euskaldunon Egunkaria itxi eta egun gutxitara idatziak. Merezi dute berrirakurketa bat. Operazio hartan atxilotua eta torturatua izan zen Torrealdai.

Joan Mari Torrealdai Foruan jaio zen 1942an. Jakin aldizkariko zuzendaria izan zen 42 urtez, eta Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakaria. Euskaltzain osoa zen 2007. urtetik.

2015etik egin du borroka gaixotasunaren kontra, minbiziaren kontra. Orduan publikoki adierazi zuenez, Egunkaria itxi ondoren jasandako torturekin lotu zuen minbiziak. 

Berriak eman du Interneten bere heriotzaren albistea gaur iluntzean, hemen: https://www.berria.eus/albisteak/185087/joan-mari-torrealdai-hil-da.htm

Erantzun

Sartu