Teknologia albisteak

Gure telefono berriak 15 minutu eskasean kargatuko dira Quick Charge 5 teknkologiari esker

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-08-18 : 11:47

Quick Charge 5 izeneko teknologia berritua aurkeztu du Qualcomm enpresak. Quick Charge teknologiaren bertsio berri horri esker, belaunaldi berriko mugikorrak 15 minutuan kargatuko lirateke. Telefono marka gehienek darabilte Quick Charge teknologiaren aurreko bertsioren bat eta erabiltzaileok une honetan daukagun behar handiena betetzera dator bertsio berria: mugikorren bateria arin eta samur kargatzea. Ondo bidean, Gabonak aurretik ikusiko ditugu karga super-bizkor hau izango duten lehenengo mugikorrak, besteak beste Xiaomi markakoak.

Abuztu hasieran aurkeztu zuen Qualcomm-ek Quick Charge 5 izendatu duen teknologia berria. 2020an bertan merkaturatuko dute eta, besteak beste, Qualcomm markako Snapdragon 800, Snapdragon 865 eta Snapdragon 865 Plus mikrotxipekin bateragarri izango da. Aurrera begira, beste txip batzuekin ere funtzionatuko du.

Quick Charge teknologia mugikor askotan erabiltzen da, egungo marka garrantzitsuenetan darabiltena baita. Hala nola, Samsung, LG, Xiaomi, Sony... 

Teknologia berriaren ezaugarri nagusia bateria kargatzeko azkartasuna izango da. 4,500mAh-ko bateria bat 15 minutuan kargatuko da eta, gainera, 5 minutu ere nahikoa izango dira telefonoaren %50a kargatzeko. 

Une honetan horixe da erabiltzaileek mugikorrei gehien eskatzen dieten ezaugarrietako bat: bixkor kargatzea. 

Teknologia berria eraginkorragoa ere izango da eta edozein tenperaturatan ere oraingo bertsioek baino hobeto funtzionatuko omen du. 

Une honetan 1.200 telefono modelok darabilte Quick Charge teknologiaren bertsioren bat. Quick Charge 5 teknologia super-bizkorra erabiltzen eta merkaturatzen lehenengoa Xiaomi izango omen da, udazkenean bertan.

Erantzun

Sartu