Teknologia albisteak

'Non dago Mikel?' dokumentala abian da, Mikel Zabaltzaren desagerpenaz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-08-08 : 10:00

Gertu da 'Non dago Mikel?' dokumentala, eta udazkenean espero dute aretoetan agertzea. Post-produkzio lanak burutzen ari dira dagoeneko, eta Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas 'Pitu' zuzendariek errodatuak dituzte jada irudiak. Izar Films ekoiztetxeak irudi horiek EITBren 1985eko artxibo irudiekin osatuko ditu. Mikel Zabalza atxilotu eta hilik agertu bitartean igarotako hogei egunen kontaketa eginen du filmak.

1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaiztarra, Donostian. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean. Zabalza sekula ETArekin lotuko zuen daturik ez zen agertu ez orduan, ez gerora: autobus gidari bat zen Donostian.

Dokumentalaren protagonistetako bat Ion Arretxe da, Zabalzarekin batera atxilotu zuten beste pertsona bat. 2017an hil zen Arretxe minbiziak jota, baina lehenago testigantza utzi zuen nola izan ziren gertaera haiek. Arretxe bizirik irten zen 1985eko amesgaiztotik, eta aktore eta zuzendari gisa lan egin zuen ikus-entzunezkoen munduan.

Duela aste batzuk Iruñean egindako agerraldi batean azaldu zutenez, udazkenean estreinatuko dute dokumentala- "Zinema aretoetan banaketa mugatu bat ere eginen dugu, Euskal Herrian eta estatuan. Ondoren, Euskal Herriko hainbat txokotara eraman nahiko genuke, kultur etxeetara, esaterako", azaldu izan du Izaskun Arandia Izar Films-ekoak. Gerora, ETBn ere izango du irteera, telebista publikioa ekoizpenaren barruan baita.

 

Erantzun

Sartu