Bertsozale Elkarteak jakinarazi du irailean jokatuko dela Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea. Maiatzean egin behar zen, baina egoera berezia da aurtengoa eta irailean jokatuko da azkenean.
Udabarria Bertsotan sailkapen fasean 60 bertsolarik eman dute izena, Bizkaiko eskualde guztiek daukatelarik ordezkaritza. Kopuru hori kontuan hartuta, hamar saio egongo dira iraileko sailkapen fase horretan, sei bertsolarikoak. Fase honetatik puntuazioz sailkatuko dira bertsolariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketara.
Sailkapen faseko hamar saioak bost egunetan jokatuko dira: egun eta ordu berean, herri desberdinetan saio bi egingo dira. Horrela, bost egunetan egingo dira hamar saioak.
Bertsozale elkartearen webgunean, Bizkaiko atalean, jakinaraziko da aurrerago egutegi zehatza. Sare sozialen bitartez ere jarraitu ahal izango da lehiaketa: Instagram, Facebook eta Twitter bidez. Irailean izan arren, oraindik Udabarria Bertsotan izena du lehiaketak... ikusiko dugu ea irudi korporatiboa ez aldatzearren horrela segituko duten ala ez.
Erantzun
Sartu