Teknologia albisteak

Aurpegiak des-pixelatzeko tresna badabil, baina oso txarra da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-07-14 : 15:39

Poliziaren thriller batean baino gehiagotan ikusi dugu, gaiztoa harrapatu dute kamerek, baina urrutitik: pixelatuta ageri zaio aurpegia. Orduan, halako filtro argi bat pasatzen diote, eta hara, depixelazio konplexu baten ondoren, hara! Gaiztoa Kevin Costner da! Hau, noski, fikzioa da. Baina orain hori egiten duen tresna bat aurkeztu delarik (Face Depixelizer) berdina esan dezakegu: Teknologia hau ez dabil. Politikari batzuekin probatu dugu, eta hemen duzue lehen irudia, Iñigo Urkullu lehendakariaren despixelazioa.

 

Face Depixelizer tresna sortu du Denis Malimonov garatzaile errusiarrak. Kodea Github biltegian jarri du Malimonov-ek, eta zeuk probak egiteko bi interfaze garatu ditu, ingelesez eta errusieraz. Elikatu nahi baduzu makina, errusierazkoa gutxiagotan ataskatzen da bestearekin alderatuta, baina asmatu egin behar botoiak sakatzen.

Sartu aurretik, prestatun aurpegi pixelatu batzuk. Guk Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako hautagaietan fijatu gara, eta telebistako eztabaida batean egindako erresoluzio txikiko irudi bat hartu dugu aurpegiak aukeratzeko. Hauteskunde emaitzen ordenari begiratuta, Ahal Duguko Miren Gorrotxategi tokatzen zen Carlos Iturgaitzen aurretik, baina bi gizonezko eta bi emakumezko erabiltzea hobetsi dugu, tresna testeatu aldera.

Face Depixelizerrek adimen artifizialeko StyleGAN tresna erabiltzen du, giza-aurpegiak asmatzen dituen tresna bat. StyleGAN delakoak errealismo handiko irudiak ekoizten ditu, egia da, eta Face Depixelizerrek ere bai. Kontua da tresna berri honek input erreal bat erabiltzen duela, zuk ematen diozun aurpegi pixelatu bat, eta horren berregiketa posible bat eskaintzen dizula. Eta emaitzak ez dira onak, gure adibidek erakusten duten bezala.

Urkullurena komentatzeagatik, atleta errusiar gazte bat ematen despixelatutakoan. Agian Malimonov garatzaileak aurpegi errusiarren datubase bat erabili du bere lana egiteko (Errusiakoa dela baitirudi), eta gure politikarien emaitzetan ere halako ukitu errusiar-eslaviar bat nabari dugu. Akaso aurpegi naturalena Maddalen Iriarterena iruditu zaigu, baina horrek ere ez du antz handirik.

Eta ez bakarrik euskal politikariekin, beste batzuekin ere egin dituzte aprobak hortik, eta Obama despixelatuz gero ere Sverdlovsk-eko morroi bat dirudi gizonak:

Jarraian, gure politikari despixelatuak, Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarte, Idoia Mendia eta Carlos Iturgaitz.

 

hi duena egiten du

 

Erantzun

Sartu