Teknologia albisteak

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VI. Bilkura: GLAM erakundeetan zentratua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-07-06 : 16:13

UEUk eta ALDEEk (Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea Euskal Herriko Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VI. Bilkura antolatu dute datorren uztailaren 16rako. Eibarren egingo da, Markeskuako UEUren egoitzan, goizeko egitarau batekin.

Zera izango da Topaketaren goiburu edo ardatza: "Tokiko Bildumak. GLAM erakundeek eta komunitateek tokiko memoria elkarrekin eraikitzen". GLAM ingelesetik eratorritako akronimo bat da, Galleries, Libraries, Archives and Museums («galeriak, liburutegiak, artxiboak eta museoak») esan nahi duena. Era orokorragoan, kultur ondarea gordetzen dituzten erakundeak biltzen ditu. Esate baterako, euskarazko Wikipedia sustatzen duen Euskal Wikilarien Elkarteak GLAM erakundeekin elkarlan ekintza ugari antolatzen ditu. 

GLAM erakunde horietan lanean ari direnen profesionaletzat da, beraz, jardunaldia, irekia izatez, baina baita ere tokiko memoriaren biltze eta gordetze egitasmoren batean murgilduta dagoen edozein pertsonarentzat.

Jardunaldiaren helburuak dira:

  • Tokiko bildumen soslaia margotu; egitasmo nagusien egoera, lorpenak eta ohiko oztopoak.
  • Tokiko memoria elkarlanean biltzeko egitasmoak ezagutarazi; eragileak, rolak eta komunikazioa.
  • Tresnak eskaini ondarea elkarlanean bildu, tratatu, gorde eta hedatzeko.

Jardunaldiko egitaraua hemen topa daiteke. Bertan hizlariak izango dituzte honako ekimenek: Eibar Futbol Taldea, Ahotsak ekimena,Albaola Itsas Kultur Faktoria, Pasai Donibaneko Ubera liburutegia, eta Donostiako Egia auzoko Gordegia ekimena.

Erantzun

Sartu