Teknologia albisteak

Euskara Eridgunera, EHEren kanpaina Koronabirusaren garaian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-06-28 : 12:20

Euskal Herrian Euskarazek “ASKI DA! EUSKARA ERDIGUNERA” aldarria zabalduko du hurrengo asteetan garatuko duen kanpainaren bitartez, "koronabirusaren krisiak agerian utzi baitu euskararen egoera zaurgarria". Jarraian, manifestu horren testua.

EUSKARA ERDIGUNERA, koronabirusaren krisiak agerian utzi baitu euskararen egoera zaurgarria.

Urteak daramatzagu baloratzen euskara eta euskaldunon beharrak ez daudela agenda politiko-sozialean. Are okerrago, krisi honekin oraindik ere baztertuago geratzen ari dira. Euskararen egoera hizkuntza-zapalkuntzaren ondorioa da eta zapalkuntza hori ageriago azaleratzen ari da orain. Instituzio eta eragileentzat erderak dira garrantzitsuak eta ezinbestekoak, euskara aldiz aukera bat.

EUSKARA ERDIGUNERA, edozein berreraikuntza proposamenetan erabakien erdigunean egon behar du.

Etorkizunaren nolakotasunaz hitz egingo den mota guztiko forotan (instituzional, politiko zein sozialetan), euskararen premiak eta euskal hiztunon eskubideak egon behar dira presente. Presentzia hori sinbolikoa ez izatea exijitzen dugu ere, onartezina da euskararen “aldeko” zurikeriatan ibiltzea inolako instituzio, zein eragile politiko edo sozial. Euskara ezin da periferiara zokoratua izan. Are gehiago, ez da bakarrik euskarak egon behar duela, etorkizuneko Euskal Herriaren eraikuntza euskaratik eta euskaraz izan behar du. Euskara egitasmo guztietan zehar-lerro izan behar da. Gainontzeko auzi nabarmenak egongo diren bezala, euskara ere erabakiguneetan egon behar da, euskara ere esentziala da.

EUSKARA ERDIGUNERA, Euskararen Herria izaten jarrai dezagun.

Komunitatea etorkizunaren oinarri bezala kokatzen ari da, eta, bizitzak erdigunean jarri behar dira, izaki bizidun eta izadi gisa biziraungo badugu. Bada Euskal komunitateari bizitza eta izatea euskarak ematen dio. Eta komunitate autozentratua izateko burujabetza ezinbestekoa dugu, euskararen etorkizuna erabaki eta normalizazio osoa lortzeko.

EUSKARA ERDIGUNERA, euskaltzaleon ekimenera.

Dugun erronkaz jabe egin behar gara euskaltzaleok. Azken hamarkadetan Euskal Herriaren berreuskalduntzean aurreratutakoa irabazpidean jarri eta helburura jauzi egiteko erantzukizuna dugu. Mendekotasunetik askatu eta burujabe izateko unea dugu, euskaldun gisa eta herri gisa. Euskara itxialdian geratu ez dadin.

Erantzun

Sartu