Teknologia albisteak

Udalbiltzak Lurgida turismo aplikazioa aurkeztu du, autokarabanentzako aukera berezi bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-06-25 : 09:25

Udalbiltzak Lurgida app turistikoa sortu du, Euskal Herri osokoa. Euskal Herriko ondarea eta ibilbide tematikoak proposatzen ditu eta, bereziki, furgoneta eta autokarabanei ongi etorria egiten dieten etxaldeak bildu ditu, turismo mota honentzako bereziki praktikoa. Lau hizkuntzatan funtzionatzen du aplikazioak, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Lurgidak webgune beregaina dauka, lurgida.eus eta iOS eta Android telefonoetan ere jar daiteke:

Aplikazioaren eduki informatiboa, turismo jasangarria sustatzeko asmoz kargatu da bereziki. Tokian tokiko garapen ekonomikoa kontuan hartuz. Bereziki, furgoneta zein autokarabanei ongi etorria egiten dieten etxaldeak bildu dituzte. Europan errotua dagoen praktika da hori, bisitariek gaua bertan pasatzeko aukera dute, eta era berean, baserritarrek haien ekoizpenak ezagutarazteko parada ezin hobea dute.

Hona, adibide batzuk, etxalde bakoitzeko fitxan adierazten delarik zenbat ibilgailu egon daitezkeen, zein zerbitzu eskaintzen dituzten...

Etxaldeen informazioaz gain, tokian tokiko hainbat punturen informazioa dago aplikazioan eta webgunean, eta arreta berezia eskaini zaio ondare inmaterialari eta historiari: Euskal Herritik aplikazioarekin mugitzen denak, ikusiko ditu tokian tokiko interesguneak, historia zertzeladak, ohiturak, jaiak eta abar.

Alderdi teknikotik, aplikazioa CodeSyntax enpresak garatu du, Sustatu albistegi hau egiten duen berak.

Erantzun

Sartu