Teknologia albisteak

Pikuak eta Tantaka, euskarazko web-serieak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-06-19 : 12:44

2deo Laborategiaren ekoiztutako bi websail edo webserie euskaldun, Pikuak eta Tantaka, sarean ikus daitezke. Pikuak-ek iazko abenduan izan zuen estreinaldia, eta orain EITBn ikusgai daude orain arte egindako hiru kapituluak. Tantakaren atalak bigarren denboraldira iritsi dira, eta Kanalduden ikus daitezke.

 

Pikuak

Maddi Castrok zuzendua, porno feminista egin nahiko duten hiru emakumezko pisukideren arteko harremana da websail umoretsu honen ardatza. Hiru aktore nagusiak dira Amaia Ruiz de Galarreta, Miren Nogales eta Ainhoa Artetxe.

Hiru ale ekoiztu dira, baina segun nolako harrera eta hedapena duen, agian gehiago ere egin ahal izango dira. Websaila aukeratua izan da agertzeko Italia Apulia Web Festen eta Galizian udazkenean egingo den Carballo Interplay jaialdian agertzeko.

Ikusteko, EITBn.

Tantaka

Tantaka web-saila sortu dute Idoia Rodriguez eta Joana Parotek, eta biak ageri dira gainera aktore roletan.

Zera da koxka:1999ko udazkena. Jenofa, Andoni eta Arantxa, 15 urteko hiru lagun gazte Anestesiaren urteko azken kontzertura joateko irrikitan dira. Bidean direla, Jenofak istripu bat badu eta koman sartzen da. 2019 urtean, bere ospitaleko ohean berriz irazartzen da. Bere bi lagunen sustenguarekin, 20 urtez errotik eraldatu den gizartearen kodeak beregatu beharko ditu.

Kanalduden atalak ematen dituzte eta artxibatuta daude, baina gainera ikuskatze kolektiboak ere egiten dira. Hemen, adibidez, 7. atala, "elkarrekin begira dezagun".

Ikusteko, Kanalduden.

 

Erantzun

Sartu