Teknologia albisteak

WikiBizi Euskal Herria, bidaia gida irekia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-06-22 : 10:24

Euskarazko Wikipediak ekimen berria jarri du martxan, WikiBizi Euskal Herria, gure herriko lehen bidaia-gida irekia. Herrietako eta ibilbideetako informazioa agertzen da oraingoz, eta Wikipediako gainerakoa bezala, guztion ekarpenekin osatu daiteke lana. Hain zuzen ere, Euskal Herriko museoi dei bat egin zaie WikiBizi Museoak bidez informazioa aberasteko; eta jendearen edukiak sustatzeko, argazki lehiaketa ere antolatu da.

Berria egunkariko Ibilkari sekzioan pilatutako edukia liberatu delarik, ibilbide gisa kargatu da informazio hori gida honetan. Mikel Arrizabalaga ibiltariak Ibilkarin egindako lan eskerga, denon eskura orain.

Ibilbideak bezala, herrietako informazioari ere Wikiliburukoa azpiegituran dago oinarritua. Kasu honetan, Wikipedia orri batean herriari buruzko informazio orokorra dagoen bezala, WikiBizi bertsioan bisitarientzako informazio praktikoa jartzea da koska. Gainera, bi orriak lotuta egongo dira, Wikipediakoa eta Wikibizikoa. Ikus Getxoko orrian nola dagoen lotura:

Eta Wikiliburuak delako horretan klikatuz, iritsiko zara WikiBizi gidako Getxoko orrira.

Jendearen ekarpenak sustatzeko, hiru argazki lehiaketa ere aktibatuko dira udan, eta oraingoz WikiBizi Ondarea dago dokumentatua, ondare sailkatuko monumentuak ilustratzeko.

Argazkiekin kolaboratu daiteke halaber ibilbideak ilustratuz. Ibilbide bakoitzaren fitxan, IBILBIDE HONEN ARGAZKIAK IGO dioen aukera duzue:

Irudiak badituzu, hor klikatu eta igo zure ekarpenak. Aitzorrotzeko ibilbidean dagoeneko erabiltzaile batek kargatu du irudi mordo bat.

Gehiago jakiteko, https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:WikiBizi

 

 

Erantzun

Sartu