Senegalgo komunitatetik sortu den Mbolo Moye Doole kooperatiba proiektua indartzeko martxan du Argiak ‘Inor ez da ilegala’ kanpaina. Kamixetak eta beste gai batzuk saltzen dituzte lelo horrekin Argia Dendan eta zati bat Mbolora bideratzen da. Kaleko salmentan dihardute gehienek, jazarpen egoeran askok. Egoera horretatik atera eta kooperatibara egin dute jauzi. Koronabirusaren krisiarekin, are inportanteagoa bilalkatu da kanpaina haientzat.
Garbiketa kooperatiba bat da Mbolo Moye Doole, migratzaileek beraiek sortua eta 2018tik martxan dena. Bouba Diouf (47 urte, ia hiru Bilbon), Pape Niang (47 urte, bederatzi eta erdi Bilbon) eta Baba Mbaye (35 urte, hamaika Bilbon) dira sortzaileak.
Koronabirusaren garaian, erresistentzia kutxa bat antolatu dute gainera, eta 100 lagun baino gehiagorengana iristen da, batez ere Bilboko Metroko mantero senegaldarren artean. . Ezin dute kalean saldu eta askok ez du paperik; alegia, administrazioek iragarritako laguntzetatik kanpo geratu dira.
“Hasi ginenetik ia 13.000 euro banatu ditugu eta 100 lagun baino gehiagorengana iritsi gara. Euskal Herrian babesa izaten ari gara, ez bakarrik jendeak dirua sartzen duelako, batzuek deitu egiten digute, ea zer moduz gauden galdetzeko, animoak emateko. Hori ere eskertzekoa da”, adierazi dute Argia argitaratutako artikuluan.
Zuzenean ere egin daiteke ekarpena Mboloren erresistentzia kutxan. Bizkaiko SOS Arrazakeriaren izenean dagoen kontu korrontea eman dute (ES67 2095 0005 1838 3074 5829) eta kontzeptuan "Apoyo Mbolo" jarri behar da.
Erantzun
Sartu