Teknologia albisteak

2deo Saria: ikus-entzunezko proiektuak bi fasetan garatzeko deialdia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-05-26 : 09:48

2deo ikus-entzunezko laborategiak, aurreko urteetan bezala, ikus-entzunezko euskarazko proiektu berriak sustatzeko laguntzak atera ditu. Berezitasunak ditu aurtengo deialdiak: 2deo Saria deitu diote, eta bi epetan garatuko dira proiektuak. Zortzi hautatu ahal izango dira lehen fasean eta bakoitzak 4.000 euro jasoko ditu; eta udazkenean proiektu horiek garatu ondoren, 2021eko lehen hilabeteetan 8en artean gehienez 3 aukeratuko dira funtzionalitate osoraino iristeko, eta hiru posible horien artean 50.000 euro banatuko dira.

Deialdia martxoan zen abiatzekoa, baina Koronabirusaren egoerak geldiarazi eta mugiarazi zituen epeak. Azkenean, datorren astelehenean (ekainak 1) irekitzen delarik berriz Tabakalera (2deo kokatua dagoen toki eta instituzioa), ekainaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektua. Hautatutako proiektuen zerrenda ekainaren 26an argitaratuko da. Aurkezteko oinarrien dokumentua hemen (PDF), baina adi, orijinala da-eta, ondoren datak aldatu dira eta hemen dago hori zehatzago.

Deialdi honen helburu nagusia da ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuen garapena eta prototipoak sustatzea. Horiek ikus-entzunezko sektorera bideratuta egon daitezke edo ez. Horretarako, laborategiak laguntza ekonomikoa eman eta jarraipena egingo die deialdi honen bi ataletan hautatutako proiektuei.

Lehen fasean sartzeko (8 proiektu, 4.000 euro, uztailetik urrirainoko garapen prozesua), irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  • Bideragarritasuna:   proiektuak   prototipo   bihurtzeko   duen   gaitasuna,   hainbat  sektoreri  zuzendutako  ikus-entzunezko  proiektu  gisa  dituen  aukeren arabera.
  • Edukia: proiektuaren potentziala gaien, estetiken, joeren, kontakizunen eta formatuen berrikuntzari eta bestelako proiektuei ikus-entzunezkoen sektoretik soluzioak emateko duen gaitasunari dagokienez.
  • Eragina: hainbat mailatan izango duen inpaktua.
  • Proiektuaren hizkuntza: edukia euskaraz egotea.
  • Teknologia: Proiektua gauzatzeko, teknologia berriak erabiltzea.
  • Zabalkunde aukerak: Proiektua merkaturatzeko eta nazioartekotzeko aukera izatea.

Uztailetik urrira egingo den aurre-produkzio edo prototipatze fasean, 2deoko laguntza zuzena izango da, eta partehartzaileek konpromisoa hartuko dute bertako baliabideak erabiltzeko. Deialdiaren 2.   atalera   aurkeztu   ahal   izateko,   ezinbestekoa   izango   da   prestakuntza-saioen eta aholkularitza-hitzorduen % 85era bertaratzea.

Fase hori egiten duten proiektuetatik 3 hautatuko dira, gehienez ere, hurrengora igarotzeko. 2020ko abenduan hautatuko dira proiektuok, eta dagokion ebazpenaren bidez jakinaraziko zaie erabakia interesdunei. Hautatutako proiektu guztien artean bana daitekeen gehieneko  zenbatekoa 50.000 eurokoa da,  eta hatatuek proiektua garatzeko erabiliko dute, 2021eko urtarrila eta apirila artean. Emaitza edo orototipoa  ekitaldi  publikoan  aurkeztuko  da.  2021eko  maiatzean  izango  da, 2deon bertan.

Erantzun

Sartu