PixelMe izeneko tresnak erretratu batetik aurpegi pixelatu bat egiten uzten dizu. Identitate-ikono gisa ondo geratzen dira erretratu pixelatuak, eta halakorik egingo dizun artistarik ez baduzu eskura, probatu dezakezu PixelMe.
Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria pasatu dugu, eta emaitzarekin ez gaude konformeegi. Pixel kopuru jakin batera mozteko aukera ematen dizu tresnak, 128x128 pixel, edo 64x64, 48x48 edo 32x32. Urkulluren kasuan, gure aburuz, pixel gutxirekin ez du ondo ematen, eta 128ko bertsioan, ordea, ondo ezagutzen duzu, baina ez du lortzen look & feel pixelaturik.
Hona PixelMe-rekin nola jolastu dugun, fondoa aukeratzeko tresna probatzen barne:
Emaitza hobea eman digu, gure aburuz, Maria Txibite Nafarroako presidenteak. Kasu honetan, optimoa iruditu zaigu 48x48 pixeleko irudia. Fotogenia naturalagoa duen pertsona izango da, jakina da Urkulluren hieratismo fotografikoa memeetarako motibo dela.
PixelMe sortu du Kaz Sato izeneko garatzaile japoniarrak. Googleko kargu inportante bat dauka lainoko konputazioan, baina era honetako albo-tresnak garatzen ere pasatzen du denbora.
PixelMe probatzen baduzue, ikusiko duzue aukera extra bat duela, Pet Mode izenekoa. Maskota-modua, nolabait. Sortzen duzun avatarra Animal Crossing-en erabiltzeko dago pentsatua. Izan ere, modu nagusiak irudian giza-aurpegia igarri eta mozketa egiten du, baina Pet Mode horrekin irudi osoa tratatzen du pixelazio prozesuak, berdin duelarik maskara bat, txakurraren muturra ala lorontzi bat erakusten diozun, irudi hori pixelatuko du tresnak.
Erantzun
Sartu