Google Meet telekonferentzia sistema dohainik erabiltzeko aukera ireki du Googlek gaur. Sistema euskaraz dago gainera, interfazearen aldetik behintzat, bere aukeretako batzuk ez diren arren euskarara moldatu (azpidatzi tresna aktibatuz gero, euskara ingelesa balitz bezala analisatzen du).
Googlek badu beste telekonferentzia sistema bat, Hangout, sinpleagoa, mugikor zein PC bertsioetan. Telefonoko app-eko bertsioa, bereziki, Whatsapp-en oso antzera dabil bideo-deiak egiten jardutekotan. Hori ere euskaratuta dago, pantaila irudi honetan ikus dezakegun moduan.
Google Meet-i dagokionez, joan den astean iragarri zen askatuko zela, eta gaur ikusi dugu lehen aldiz. Dei bat programatu, eta lagun batzuk gonbidatu ditugu, URL baten bidez. Printzipioz, deitzaileak baimendu egin behar izan ditu gehitzen zirenak; hau da, URL-a izateak ez zuen berez sarbidea ematen. Konferentzia bat programatzeko beste modu bat Google Calendar bidez egitea da.
Pantailak partekatu, kamera edo mikrofonoa isildu... sistema hauen ohiko funtzioak ikusi dizkiogu. Eta interfaze txukun euskaratuan batek atentzioa deitu digu: azpidatziak. Aktibatu eta zer ote? euskaraz esaten duzuna ingelesez analisatzen saiatzen dela Google, eta partaide guztiei erakusten die hori. Ingelesez jardunez gero praktikoa, ez euskaraz. Gazteleraz eta frantsesez ondo dabil sistema hau, esan digutenez.
Google Meet doako honetan 100 lagun ere sar daitezke konferentzia batean, baina pantaila partekatuan 16 agertu daitezke. Orain arte Google Suite pakete profesionala behar zenuen kontratatua (normalean enpresa tarteko dela egiten da), eta hezkuntza egitasmo bateko parte izan. Itxura batean, Googlek ez du betiko doan izango denik esan, momentuz pandemiari lotutako egoera da.
Tira ba, hor duzue, Google Meet probatzeko hemen ordenagailutik: meet.google.com
Eta mugikorretik erabiltzeko instalatu aplikazioa Android edo iOS sisteman.
Erantzun
Sartu