Fermin Etxegoienek zuzendu eta aurkeztuta, saio berezi bat izango da ikusgai gaur, apirilaren 30ean, ETB1en, gaueko 22:15etan. Hogei elkarrizketa baino gehiago egin ditu Etxegoienek konfinamenduan izan garen egun hauetan eta haiekin collage moduko bat izango omen da emaitza. 20 elkarrizketatuen artean, Sustatuko editorea ere bai, Luistxo Fernandez. "Imajinaezinetik hizketan” da koronabirusaren inguruko saio berezi honen izenburua.
Skype bitartez egin ditu eta grabatu ditu elkarrizketak Etxegoienek. Elkarrizketatuei, guztiok ditugun kezkak planteatu dizkiete: noraino aldatuko du krisi honek eta krisiaren kudeaketak gure egunerokoa, gure sistema ekonomikoa zenbateraino mantenduko da orain arte bezala, nola irtengo gara krisi honetatik, barrutik aldatuko ote gaituen honek guztiak...
Elkarrizketatuen artean, Bernardo Atxaga, Hedoi Etxarte eta Karmele Jaio idazleak, Felix Zubia medikua, Joseba Illarramendi zahar-etxe bateko zuzendaria, Ana Galarraga zientzia dibulgatzailea, Sustatuko editore eta CodeSyntax-eko partaide Luistxo Fernandez, eta Eduardo Barinaga ETBko zuzendaria ere bai. Besteak beste, 20 gonbidatu baino gehiago izan baitira nor bere etxetik konektatuak.
Erantzun
Sartu