Teknologia albisteak

Jose Luis Zumeta margolaria hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-23 : 17:40

Gaur hil da, 81 urte zituela Jose Luis Zumeta margolaria (Usurbil, Gipuzkoa, 1939). Artistaren heriotzak eragindako samina handia izan da euskal kulturan: hemen dolu-adierazpenen bilduma bat, Berriak apailatutakoa.

Ustekabekoa izan da heriotza, haren Donostiako etxean aurkitu du hila senide batek. Adinagatik bakartuta zegoen pandemia egoera honetan, baina jana eramaten zioten senideek, eta bazkari bat jaso ez zuela-eta, hori konprobatzera joandakoan topatu dute zerraldo.

Gaur taldearen sortzaile izan zen Zumeta Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Jose Antonio Sistiagarekin batera.

Bere estilo koloretsuan informalismoa eta espresionismo abstraktua bizi izan ziren, baina arte figuratiboa ere landu zuen. Euskal kultura popularrean bereziki ezaguna egin zen Mikel Laboaren diskoei jarri zizkien azalengatik. Musikarekin harreman estua izan zuen, Ez Dok Amairu taldearekin kolaboratu zuen, eta kultura eta euskalgintzako mugimenduekin konprometitua, kartelgintza ere landu zuen.

Margolaria izan zen batik bat, baina beste formaturik ere egin izan du, eta ezaguna da Usurbil bere jaioterrian egina zuen zeramikazo murala. Usurbilen halaber zuen estudioa, zeinean Usoa Zumeta alabarekin batera egiten zuen lan. Estudio horren ondoan espazio publiko bat ireki zuten 2017an.

Bere azken erakusketa handia iazko udan egin zuen Donostian, Ekain galerian.

 

Erantzun

Sartu