Euskal kulturgintzako mila lagun eta elkarteren atxikimenduarekin, gaur eta bihar (apirilak 21 eta 22) greba digitala deitu dute. Grebaren motiboak Kulturgintzan.eus webgunean azaldu dituzte: "Pandemiaren eraginez ezarri den herritarren itxialdi egoerak ekarri du, beste hainbat erabakiren artean, kultur programazio guztiak bertan behera uztea. Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du."
Deitzaileek Euskal Herriko erakunde publiko guztiei egiten diete deia: Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. "Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea", eskatzen diete. Nonbait, ordea, oraingoz ez dute erantzun positibo askorik jaso: "Udal batzuek salbu, gainontzekoek muzin egin diote gure proposamenari. EAEko Jaurlaritzak, esaterako, ez duela kulturgintzaren ezaugarri bereizgarriei erantzuteko neurririk hartuko erantzun digu", salatu dute.
Erakundeei bezala, herritar guztiei ere luzatzen diete larrialdiko deia: "Zer gertatuko litzateke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, musikaririk, margolaririk, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik... kulturgunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe? Esan bezala, egunotan lan horien garrantzia ikusten ari gara sareetan; herritarren itxialdiaren aringarri suertatzen ari direlarik. Baina, itxialdia amaitzerakoan zer gertatuko da? Nola berrantolatuko dugu gure kulturgintza?". Hain zuzen ere, herritarrok ekarpenik badugu, "gogoeta, iritzi eta enparauak" ekarpenak a-bildua kulturgintzan.eus e-posta helbidera bidaltzeko eskatzen digute.
Grebak izandako atxekimenduen zerrenda hemen ikus daiteke. Zu zeu atxekitzeko, agiriaren azpian https://kulturgintzan.eus orrian. Dagoeneko zenbait erakundek bat egin dute, euren webgunea itxiz eta grebako orrira zuzenduz euren protesta; horixe da kasua, adibidez, Bertsozale Elkartearena, zeinak bertsozale.eus webgunea itxi duen 48 ordutarako.
Erantzun
Sartu