Teknologia albisteak

Hego Euskal Herriko heriotza-tasa "gehiegizkoa"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-18 : 13:33

Joan den astelehenean eman genuen berri Sustatun ISCIII erakunde espainiarrak eguneratzen duen MoMo indize interesgarriarena. Zenbat jende ari den hiltzen, erregistro zibilen arabera, kausak alde batera utzita. Galder Gonzalez euskal wikipedistak Hego Euskal Herriko azken asteetako datuak metatu ditu, ondorio batzuk lantzeko. Batean biribiltzekotan: Covid-19ak benetan hil dituenak datu ofizialak dioena baino %50 gehiago izan daitekeela.

Gonzalezek zera egin du, Hego Euskal Herriko datuak hartu (Erkidegoaren arabera iragazi daitezke datuak, eta gehitu) eta azken bi urteotako heriotza guztien grafika bat osatu, espero zitekeen kopurutik gertu nola egon den ikusi eta azken asteotan eton den gorakada handia ikustea.

Uzkur jokatzeko dio Gonzalezek, atzerapena dutela datuek. Erregistro zibilak ez ditu egunero ematen datu guztiak, eta astebete baino berriagoak diren zifrak ez dira guztiz fidagarriak. Hortik atzera nahiko egonkorrak izaten dira, zuzenketa txiki batzuk medio.  sinple bat eginda ere kalkulatu daiteke aste bakoitzean egon den desbideraketa kalkulatzen zen horretatik.

Eguneroko gora-beherak kenduta, argiago ikusten da aste batzuetan kalkulatutakoaren azpitik egon ohi dela, eta beste batzuetan goitik. Grafika horretan argi ikusten da ez-ohikoa dela aste batean 80 pertsona baino gehiagoko aldea egotea kalkuluaren eta errealitatearen artean, eta askotan kalkulua goitik eginda dagoela. Azken hliabetean, ordea, astero egon da oso goitik, aurreko urteetako inongo astean baino askoz gorago. Datuak egunez egun aztertuta, gehitu dezakegu espero zirenak eta COVID-19aren ondorioz ofizialki hil direnak, eta ikusi ea erregistro zibilean egon diren heriotzak bat datozen edo ez.

Orokorrean, zerra baten itxura hartzen du grafikak, baina ikusten da egunero daudela hildako gehiago ofizialki esandako datuaren eta espero zitekeenaren batuketa baino. Azken asteko datuak kenduta (oraindik ez dira fidagarriak), egunero 20-30 heriotza inguruko aldea dago, baita gehiago ere egun zehatz batzuetan.

Asteroko erregistroak begiratuta, apirilaren 10era arte 990 pertsona inguru hil ziren Hego Euskal Herrian COVID-19ak jota (Nafarroako datuak gora-behera). MoMo erregistroak 1.500 pertsonen "gehiegizko heriotza" dakar denbora tarte horretan, ia %50eko aldea.

Eskerrik asko Galder Gonzalez, grafikoengatik eta hauek irakurtzeko emandako azalpen gehigarriengatik.

Erantzun

Sartu